
Zadorraren sistemaren jarraipenerako erakunde arteko mahaiaren bilera.
Vitoria-Gasteiz 2012ko apirilaren 18a. Gaur arratsaldean, Uraren Euskal Agentziaren egoitzan bildu da Zadorraren sistemaren jarraipenerako erakunde arteko mahaia. Erakunde hauetako ordezkariek hartu dute parte: Uraren Euskal Agentzia (URA), Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibileko Zuzendaritza, Arabako Foru Aldundia, Vitoria-Gasteizko Udala, AMVISA, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa eta Iberdrola.
Azkenengo egunetan izandako euriteak zirela-eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoak sistema honetan aurrealerta egoera ezarri zuen. Hori dela-eta, mahaiak biltzea erabaki du, Zadorraren sistemaren jarraipenean elkarlanean diharduten erakundeek sinatutako protokoloek adierazten dutenari jarraiki.
Gaur egungo egoera eta iragarpen meteorologiko eta hidrologikoak aztertu ondoren, ez da ikusi, momentuz, urtegiak zabaltzeko beharra. Hala ere, ez da baztertu hurrengo egunetan hustuketa txikiren bat egin behar izatea. Urtegiak momentu honetan, beraz, normaltasun egoeran aurkitzen dira, eta Zadorraren urtegien jarraipenerako mahaiak sistemaren eboluzioaren jarraipena egiten segitzea adostu du, behar izanez gero, neurri berriak hartzeko.


Berri honen iruzkinen RSSa