
Lan-Arriskuen Prebentzioko IV. Osalan Saria
Hautagai diren erakundeek 7 eta 1.100 langile artean dituzte
Bederatzi enpresa aurkeztu dira Lan-arriskuen Prebentzioko IV. Osalan Sarira
Euskadiko bederatzi enpresa aurkeztu dira Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren esku dagoen erakunde autonomoak deitutako Lan-arriskuen Prebentzioko IV. Osalan Sarietara. Osalanek sustatzen duen sariaren xedea, laneko segurtasun eta osasun alorrean ekintza garrantzitsuen garapenean lan azpimarragarria egin duten erakundeen lana aintzatestea eta, aldi berean, lan esparruan jardunbide onak bultzatzea da.
Osalanek aurretik burutu duen aukeraketa prozesua gainditu duten bederatzi enpresa hautagaiak honako sektore hauetakoak dira: segurtasuna, garraio publikoa, eraikuntza, tren sektorerako materialaren fabrikazioa, zerbitzu tekniko elektronikoa, ekipamendu elektrikoa eta zementuen, igeltsuaren eta hormigoien ekoizpena. Enpresa horietako plantillak, zazpi pertsonatik 1.100 pertsona inguru artekoak dira.
Sariko epaimahaia
Lan-arriskuen Prebentzioko IV. OSALAN Sariaren epaimahaia Confebaskeko, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko eta Euskadin ordezkaritza gehien duten sindikatuetako ordezkariek eta Osalaneko Zuzendari Nagusiak, eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietarako Sailburuak, Gemma Zabaleta andreak, presidente gisa, osatuko dute.
Sariaren epaimahaiak honako irizpide hauek izango ditu kontuan aurkeztutako hautagaiak ebaluatzeko orduan:
- Amaitutako ekimenak izatea.
- Izaera bereiztailea eta berritzailea izatea.
- Iraunkortasunari laguntzea.
- Denboran iraun ahal izatea.
- Prebentzioa enpresako jardueretan eta mailetan integratzea eta langileen parte hartzea.
- Enpresako jarduerak koordinatzea eta beste enpresa batzuetara transferitzeko gaitasuna izatea.
Prebentzioaren sozializazioa
Lan-arriskuen Prebentzioko IV Osalan Saria, Erakunde Publiko honek laneko segurtasunean eta laneko arriskuen prebentzioan jardunbide egokiak sozializatzea lortzeko burutzen dituen jardueren barruan sartzen da.
Sariaren helburua, enpresen kudeaketan prebentzioaren inguruko ezagutzak eta balioak sustatzea da, jarduera ekonomikoetan parte hartzen duten agente guztiek prebentzioaren kultura barneratu eta beraien enpresetan aplika dezaten.
IV. Osalan Saria bi mailatan dago egituraturik: 50 langile baino gutxiago dituzten enpresak eta 50 langile baino gehiago dituztenak. Sariak ez du inolako zuzkidura ekonomikorik eta beraien proiektuak direla eta lan azpimarragarria egin duten enpresak zein enpresa horietako prebentzio ordezkariak aintzatetsi nahi ditu.


Berri honen iruzkinen RSSa