
Gainzorpetutako familiei laguntzeko zerbitzua abian da
Zerbitzuak "bigarren aukera bat" eskaini nahi du gainzorpetutako familiek etxea utzaraztea saihesteko
Eusko Jaurlaritzak lehenbailehen eskainiko die babestutako alokairuko etxebizitza bat hipoteka-exekuzioaren ondorioz ohiko bizilekua galdu eta baztertuta geratzeko arrisku larrian dauden pertsonei. Etxebizitza babestua den kasuetan, Jaurlaritzak etxebizitza erosiko du, zorra kitatuko du. Gainera, bitartekaritza-zerbitzu publiko eta doakoa martxan jarri da. Honen xedea: familien gainzorpetzearen arazoa jorratzea, eta bitartekaritzaren bidez bermatzea zorra kitatzeko ahalik eta baldintzarik onenak izango dituztela. Honez gain, Kontsumobidek, hipoteka-mailegua kontratatzera doan kontsumiltzailearen egoera ebaluatuko du, hipotekarik egokiena kontrata dezan.
Azken urteotan, familiak gainzorpetu egin dira krisi ekonomikoa dela eta. Honen ondorioz, familia askok etxea galdu dute edo galtzeko arriskuan daude. Hau saihesteko, Eusko Jaurlaritzak hiru neurri martxan jarri ditu: zorpetutako familien eta finantza erakundeen arteko bitartekaritza zerbitzua eskaini, etxetik kaleratuak izan direnei alokairu soziala eskaini eta hipoteka-mailegua kontratatzeko orduan, aholkularitza zerbitzua eskaini.
Aurkeztu berri den programaren helburua nagusia utzarazpen kopurua jaistea da. Azken lau urteetan hipotekari aurre egin ezinda etxetik kaleratuak izan direnen kopurua bikoiztu egin da. Herritar horiei segurtasun neurri bat eskaini nahi zaie gaur abian jarri duten planarekin.








Berri honen iruzkinen RSSa