
Emakumeen kontrako indarkeria matxista EAEn zer-nolakoa den aztertzen duen lana aurkeztu dute
Une honetako indarkeria matxistaren Euskadiko egoera erreala jasotzen duen lan bat jendaurrean aurkeztu du gaur Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak, Bilbon. Zuzendaritzako arduradun Mariola Serranok aurkeztu du lana prentsaurreko batean: azterketa 2600 pertsonen arteko makroinkesta batean dago oinarrituta, eta argi islatu du emakumeen aurkako indarkeria sexista Euskadin larritasun bereziko arazo gisa hautematen dela.
Lana gaur aurkeztu badute ere, iaz, urte erdi partera abiatu zen, euskal gizarteak genero indarkeria nola hautematen zuen jakite aldera hurbilketa egiteko xedez; horrez gain, azterlanaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoan emakumeen aurkako indarkeria matxistaren egoeren dimentsio errealetara gerturatu nahi izan dute. Bidenabar, herritarrek, bereziki emakumezkoek, segurtasuna nola hautematen duten ere proiektuan jaso nahi izan da.
Azterketa egiteko 16 urtetik gorako EAEko herritar ugariri inkestak egin dizkiete telefono bidez, orotara 2600 pertsonako lagin bati (1340 emakumezko eta 1260 gizonezko, bi sexuetako 435 gazte barne); halaber, lau hilabetez martxan egon den blog batekin osatu da.
Izkutatu artikulo osoa
Lanak eman dituen emaitza esanguratsuenen artean, besteak beste, aipatu behar da galdetegia erantzun zuten pertsonen % 98,1ek genero indarkeria garrantzi nagusiko arazo sozialtzat jo zuela, "oso edo nahiko larria"; azken urteetan gora egin duela gehitu zuten. Galdetutakoen ia % 10ek esan du jakin badakiela edo susmatzen duela inguruan, gertu, tratu txarren egoeraren bat gertatu dela; emakumeei dagokienez, aldiz, % 12,5ek indarkeria egoera zuzenak pairatu izana aitortu du, maila desberdinetan, eta batez ere psikologikoki. Zenbatekoak gora egin du (% 29,6ra arte) adierazle desberdinen aurrean jasotako erantzunen kasuan (indarkeria deduzitua). Izan ere, galdetutako emakumezkoen % 8,5ek aitortu du inkestan aipatutako 23 indarkeria egoeretatik gutxienez bat bizi izan duela azken urte honetan.
Inkestak segurtasuna oro har hautematearekin lotutako gaiak jaso ditu, genero indarkeriaren arazoaren dimentsioa testuinguru global batean kokatu ahal izateko. Galdetutako hamar pertsonetatik ia bederatzik bere ingurua oso edo nahiko segurutzat jo du. Emakumeen % 31k, aldiz, adierazi du ez dela batere edo ez oso seguru sentitzen gauez bakarrik dagoenean; datu hori atal berean gizonezkoek emandako erantzunen bikoitza baino handiagoa da. Sexuen arteko aldeak are nabarmenagoak dira populazio gaztearen kasuan.
Genero indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren iritziz, inkestaren emaitzak agerrarazi dute emakumeen aurkako indarkeria matxistari aurre egiteko lanean jarraitu behar dela, oro har herritarrak (bereziki gazteak) sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko ekintzekin, zein biktimei arreta eta babesa emateko neurri zehatzekin.


Berri honen iruzkinen RSSa