
Euskal enpresa eta profesionalek jada eskura dute BasquedINT, Nazioartekotzearen euskal komunitatea harremanetan jartzeko 2.0 sarea
- Juan Goicolea Berrikuntza eta Teknologi sailburuordeak gaur aurkeztu ditu Bilbon Internet 2.0-ko enpresa eta merkataritza aplikazio berria eta bere tresnak.
- Doakoa da eta euskaraz, gaztelaniaz nahiz ingelesez erabil daiteke. Tresna honen helburua da enpresa lankidetza eta eragileen arteko informazio trukea sustatzea, eta eragile horiei ezagutza, baliabideak eta lanabesak eskaintzea.
- Euskadin nazioartekotzearen esparruan diharduten 3.000tik gora lagun gonbidatuta daude gaurtik aurrera sare sozial berri horretan parte hartzera.
Gaurtik aurrera (maiatzak 11), euskal enpresa eta profesionalek eskura izango dute BasquedINT, Nazioartekotzearen euskal komunitatea harremanetan jartzen duen 2.0 sarea. Juan Goicolea Berrikuntza eta Teknologi sailburuordeak gaur aurkeztu du Bilbon tresna berria, zeina ziztu bizian hasiko baita lanean enpresen arteko lankidetza sustatzeko eta atzerrian negozioak eginez beren jarduera bultzatu nahi duten euskal eragileak -profesionalak, klusterrak, enpresak, e.a.- elkarren artean konektatzeko.
BasquedINT-en baliabideen indar-gunea Internet 2.0-ko enpresa eta merkataritza aplikazio berria da eta baita ere eskaintzen dituen tresnak (social media). Ingelesez, gaztelaniaz eta euskaraz erabil daiteke eta lanerako zein eztabaidarako taldeak sortzeko balioko du. Sare honek hainbat gauza eskainiko dizkie erabiltzaileei: albisteak, merkataritza misioei buruzko informazioa, merkatu azterketak, herrialde fitxak, nazioartekotze prozesuak eta ekitaldi interesgarriak. Bestalde, aukera ematen du blogak, wikiak, RSS agregatzaileak, argazki galeriak, eztabaidak, dokumentuak zein inkestak integratzeko.
Proba epea pasa ondoren, Goicoleak eta Tomas Iriondo GAIAko (EAEko Teknologia Elektronikoen eta Informazio Teknologiaren Industrien Elkartea) zuzendari nagusiak sare sozialaren bertuteak azaldu dituzte, sare honen bidez euskal enpresek beren lankidetza sareak zabalduko baitituzte sare sozialek eskaintzen dituzten aukera guztiak baliatuz. Interesatuek dohainik sartu ahal izango dute Eusko Jaurlaritzak enpresen nazioartekotzeari buruz osatu duen "Intersarea" datu basera, harremanetan jarriko dira atzerriko herrialdeetan interes komunak dituzten negozio bazkideekin, informazioa eskuratuko dute merkatuei buruz (herrialde fitxak), jardunaldi eta ekitaldietara joateko aukera izango dute, lantalde pribatuak sortu ahalko dituzte eta profesionalak erreklutatu edo enpresa eta profesionalentzako bekak eta diru-laguntzak lortu ere bai.
BasquedINT
BasquedINT sare sozialak nazioartekotzearen euskal komunitate osoa harremanetan jartzea du helburu. Ekimen hau Nazioartekotzeko Euskal Kontseiluak sortu du, non enpresak (organo anitzen bidez) eta erakundeak baitaude ordezkatuta. Azaldu bezala, tresna honen helburua da enpresa lankidetza eta eragileen arteko informazio trukea sustatzea, eta eragile horiei ezagutza, baliabideak eta lanabesak eskaintzea.
BasquedINT sarean sartuko dira lankidetzan jarduteko edo esperientziak partekatzeko interesa duten ETEak eta enpresa handiak, atzerrian ezarpenak dituzten enpresak, klusterrak, sektore elkarteak eta enpresak ordezkatzen dituzten beste organo batzuk, nazioartekotzea sustatzeko organismoak, garatzeko proiektuak dituzten ekintzaileak, nazioartekotzeko bekadunak eta bekadun ohiak (sortu den lehen taldea) eta era guztietako profesionalak. Dena den, pixkanaka irekiko da kolektibo guztiengana.
BasquedINT sarea baliagarri izan daiteke enpresen arteko lankidetza eta harreman profesionalak bilatzeko, albisteak eta merkatuei, sektoreei edo herrialdeei buruzko informazioa eskuratzeko, atzerrian dauden euskal enpresen joerak eta gaurkotasuna eztabaidatzeko, merkataritza misio eta laguntzei buruz egunean egoteko eta tresnak zein baliabideak eskuratzeko, besteak beste.


Berri honen iruzkinen RSSa