
Salgaien oinarrizko garraiobide gisa trena eta itsasontzia bultzatzearen alde azaldu da Arriola
Garraio-eredu jasangarri eta lehiakorragoa lortu nahi badugu, salgaien garraiorako oinarrizko garraiobide gisa trena eta itsasontzia bultzatu beharra dagoela defendatu du Iñaki Arriola Garraioetako sailburuak.
Arriolak Euskadiko logistika intermodalaren foroaren bosgarren edizioa irekitzeko ekitaldian egin ditu adierazpen horiek. Foroa Arabako Merkataritza eta Industria Ganberak eta Bilboko Portu Agintaritzak antolatzen dute, Arabako Foru Aldundiarekin elkarlanean.
Sailburuak gogorarazi du Iberiar penintsularen eta Europako gainerako herrialdeen artean egiten den salgaien errepideko garraioaren % 50 inguruk zeharkatzen duela Euskadi, eta trenez egiten den garraioa % 4ren ingurukoa dela.
Trenek eta itsasontziek garraio-sisteman pisu handiagoa izan dezaten, euskal trenbide-sareen eta Europakoen arteko konexioa hobetu beharra dagoela esan du Arriolak, eta azaldu duenez, "Eusko Jaurlaritza ahalegin handia ari da egiten nazioarteko zabalera duen eta pertsonak nahiz salgaiak garraiatzeko balioko duen abiadura handiko trenbidea bultzatzeko, bide batez, trenbide konbentzional batzuk libreago geratuko direlarik salgaiak garraiatzeko".
Arriolarentzat ezinbestekoa da portuek trenbide-konexio egokia izatea, eta horretarako, Eusko Jaurlaritza "Bilbao, Pasaia eta Bermeoko portuetako trenbide-konexioen hobekuntza bultzatzen ari da".
Sailburuaren ustez, intermodalitatea sustatzeko arazoetako bat garraiobidea aldatzeak eragiten duen kostua da, eta horregatik, trenbidea bertaraino duten plataformak sustatzearen alde azaldu da, baina transbordorako nodo gisa funtzionatuko duten plataformak, eta ez, salgaiak biltegiratzeko zentro huts izango direnak. Eta arrazoi horrexegatik egin du Eusko Jaurlaritzak Jundizko (Gasteizko) eta Lezo-Gaintxurizketako plataformak sortzearen aldeko apustua.


Berri honen iruzkinen RSSa