
Eusko Jaurlaritzak Bela Eskolako plataforma zabaldu eta sarbidea hobetuko du
Ontzi arinak hondartzeko arrapala berria eraikiko da
Felix Asensiok, Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendariak, Hondarribiko Portuko Bela Eskolako plataforma zabaltzeko eraikuntza proiektua aurkeztu du gaur Hondarribian.
Gaur egun eskolak duen plataforma ez da nahikoa jarduera guztiak egin ahal izateko. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak lan horri ekitea erabaki du, plataforma zabaltzeko eta hobetzeko, arrapala berria eraikiz.
Proiektuaren burutzapenerako lau hilabeteko epea dago, eta aurrekontua 479 mila eurokoa da.
Obra horietan, Klub Nautikoaren egungo plataforma zabaldu egingo da, 40 metro luze eta 19,75 metro zabal izango den azalera berria lortzeko. Plataforma berria, oraingoaren kota berean egingo da eta, ondorioz, maila bakarrean egongo den 1.800 metro karratuko espazio osoa lortuko da. Plataforma berria eraiki aurretik, egungo zoladura deuseztatu eta kendu egingo da.
Horrez gain, ontzi arinak hondartzeko arrapala eraikiko da, 11,8 metro zabal eta 47 metro luze izango dena. Egungo arrapala dagoen bezala utziko da eta, ondorioz, eskolarako sarbideak ez du aldaketarik izango.
Ontziralekura joateko eskaileren inguruan, egungo eskudelaren ordez eskudel bikoitza jarriko da.


Berri honen iruzkinen RSSa