
Mendiak esan duenez, Marotok “ez du egia esan” Gasteizen bizikleten alokairua bertan behera uzteari dagokionez
Jaurlaritzaren bozeramaileak gaur esan duenaren arabera, Gasteizko alkateak, Javier Marotok, “ez du egia esan” Gasteizko udalak bizikletak alokatzeko zerbitzua Eusko Jaurlaritzaren finantzaketa-faltagatik bertan behera utziko zuela esan zuenean.
Idoia Mendiak gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak aurrekontuetan 839.000 euro bideratu dituela laguntzetara Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) eta Ingurumen sailaren artean. Gasteizko udalak, laguntza horiek lortzeko, “beste erakunde batzuek bezala, laguntzetara proiektu bat eta justifikazio-memoriak aurkeztu behar ditu”, azaldu du. Ez baldin bada proiekturik aurkezten, ezin dira laguntza horiek eskuratu, eta, ondorioz, Jaurlaritzaren bozeramaileak Marotoren udalari diru-laguntza horietara aurkez dadila esan dio, eta bizikleten ekimena “proiektu on bat” dela defendatu du.
Gaur Lehendakaritzan (Gasteizen) egin den Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Jaurlaritzaren bozeramaileak, Idoia Mendiak, Ertzaintzan euskara normalizatzeko prozesua arautzen duen Dekretuaren aldaketa onartu dela iragarri du. Aldaketaren helburua da gaur egun Ertzaintzan dauden bi euskara hizkuntz eskakizunak Hizkuntzen Erreferentziazko Esparru Komun Europarrean ezarritakora egokitzea. Aldaketak, gainera, bigarren hizkuntz eskakizuna ezartzen hasteko oinarriak ezartzen ditu. Hau da, eskakizun hori da Ertzaintzaren egituraren barruan “eginkizunen arabera” euskararen gaineko ezagutza handia eskatzen duten lanpostuei egozten zaiena. “Ertzaintzaren elebitasunean sakontzeko beste tresna bat da”, esan du Mendiak.
Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabakiak (2012.05.22)
Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 2012-05-22n hartutako erabakiak


Berri honen iruzkinen RSSa