
2012ko Urteko Estatistika Programaren Dekretua (2012-05-22(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)
Dekretua, 2012 urteko estatistika-egitaraua onartzen duena.
Euskadiko Autonomia Elkartearen Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legeak 6. artikuluan dio Euskal Estatistika Plana dela jarduera hori antolatzeko tresna. Urriaren 21eko 4/2010 Legeak onetsi zuen plan hori, eta Euskal Autonomia Erkidegoko estatistika-erakundeak 2010-2012 aldian egin beharreko estatistika-eragiketak azaltzen dira bertan. Plan hori Urteko Estatistika Programen bitartez garatzen da urtero.
Onetsi den Urteko Estatistika Programaren proiektua 2012. urteari buruzkoa da, eta Euskal Estatistika Erakundeak egin du, Euskal Estatistika Kontseiluak eta Euskal Estatistika Batzordeak aztertu dutela bertako edukia.
2012ko Urteko Estatistika Programan proposatutakoaren arabera, 195 estatistika-eragiketa egingo dira, eta kostua guztira 19,5 milioi euro ingurukoa izango dela kalkulatu da.
2012ko Urteko Estatistika Programan parte hartu duten erakundeen artean, Euskal Estatistika Erakundea da programatutakoa gauzatzetik ondorioztatutako gastu handiena izango duena, guztizko gastuaren % 68,9 hartzen duten estatistika-eragiketak egiteko asmoa programatu baitu. Gastu handiena izango duen bigarren erakundea Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila izango da (% 11,8), eta ondoren Enplegu eta Gizarte Segurantza Saila (% 4,3) eta Osasun eta Kontsumo Saila (% 4,1) daude zerrendan.
Programa osatzen duten 195 eragiketak 22 gai-arlo edo -taldetan daude banatuta: Demografia eta gizarte-azturak, Hizkuntzak, Osasungintza eta Osasuna, Hezkuntza eta ikerketa, Lan-merkatua eta lan-kostuak, Gizarte-babesa eta gizarte-zerbitzuak, Kultura, aisia eta kirolak, Justizia eta segurtasuna, Ingurumena, Lehen sektorea, Industria eta energia, Eraikuntza eta etxebizitza, Zerbitzu-sektorea, Merkataritza eta automobil-zerbitzuak, Administrazio publikoa, Finantzak eta aseguruak, Kontu ekonomikoak, Prezioak, Gizarte-ekonomia, Estatistika-azpiegitura, Estatistika-garapena, Informazioaren gizartea eta Bestelakoak.
Aipagarria da, gai-arloei dagokienez, "Demografia eta gizarte-azturak" izenekoak daukala kostu handiena; guztira 22 eragiketa daude bertan taldekatuta, eta 2012ko Urteko Estatistika Programaren guztizko kostuaren % 15,2 hartzen dute. Ondoren "Estatistika-azpiegitura" izenekoa dago; guztira 12 estatistika-eragiketa daude bertan eta guztizko kostuaren % 10,4 hartzen dute. Hirugarren lekuan "Kontu ekonomikoak" dago; guztira 18 eragiketa ditu eta bere kostua guztizkoaren % 10,3koa da. Laugarren lekuan "Lan-merkatua eta lan-kostuak" dago, kostuaren % 8,7 hartzen dutela bertako 6 estatistika-eragiketek.


Berri honen iruzkinen RSSa