
Enplegu eta Gizarte Gaietako sailak laneko istripuen biktimei laguntzeko lehen gida argitaratu du
Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak laneko istripuen biktimei laguntzeko lehen gida argitaratu du, eta gida horren helburua da "laneko ezbehar bat jasaten duten pertsonentzako laguntza bihurtzea", adierazi du sailburuordeak.
Gida hau Gizarte Elkarrizketarako Mahaiak prestatu du, eta hainbat gizarte-eragileren eta administrazioaren lankidetzaren emaitza da; horrelakoetan jarraitu beharreko urratsen katalogo zabala eskaintzen du.
"Gida hau laguntza handia bihurtu daiteke laneko istripu baten biktima izan diren pertsona guztientzat eta haien senideentzat. Gida honetan, laneko istripu bat gertatzen denean jarraitu beharreko urratsak zehazten zaizkie", adierazi du Laneko sailburuordeak, Sonia Pérezek.
"Proiektu honi ekin genionean, pentsatu genuen informazio-hutsune bat zegoela eta beharrezkoa zela hori betetzea laneko istripuren bat jasan dutenentzat edo haien senideentzat", adierazi du Sonia Pérezek. "Euskarri ulerterraz eta erabilerraz bat bilatu dugu, enpresei eurei ere laguntzen diena, lan arloko istripu-tasa murrizten saiatzeko prebentzio-ildo batzuk ere eransten baititu".
Honelako ezbeharrak izaten direnerako, gida enpresei ere zuzentzen zaie, batik bat enpresa txiki eta ertainei, eta gomendio multzo bat eskaintzen die. Garrantzitsuena, jarduteko protokolo bat prestatzea, eta horretarako, planifikatu beharreko gomendio multzo bat eskaintzen da.
Beste atal batean, gida hau (euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu da) istripuen biktimei zuzentzen zaie, eta mutualitateek ematen dituzten prestazioei buruzko informazioa eskaintzen du. Adibidez:
- Osasun-laguntzako prestazioak.
- Langilearen aldi baterako ezintasunaren ondorio diren prestazio ekonomikoak.
- Ondorioengatiko prestazioak: baliaezintasunik gabeko lesio iraunkorren baremoa.
- Ezintasun iraunkorra, heriotza eta biziraupenagatiko prestazio ekonomikoak.
- Gizarte-laguntzako prestazioak.
Laguntza-gida hau, azkenik, Administrazioaren zereginagatik ere nabarmentzen da, kasu honetan Lan Ikuskaritzak eta Osalanek istripuen ikerketan eta erantzukizunen zehaztapenean duten zereginagatik, bai eta istripua izan duen pertsonak edo senideek egindako jarduketez eta ikerketaren emaitzez Administrazioaren eta enpresaren aldetik informatuak izateko duten eskubidea babestean duten zereginagatik ere.
Gida hau Eusko Jaurlaritzaren, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren eta Osalanen webgune ofizialetan eskuratu ahal izango da, bai eta Gizarte Elkarrizketarako Mahaia osatzen duten gizarte-eragileenetan ere (Confebask, UGT eta CCOO).


Berri honen iruzkinen RSSa