Sartu Irekiara

Pasahitza ahaztu zaizu? Berreskuratu hemen

Bi astez gogora nazazu

Eu
2012(e)ko Maiatzak 25 0

LANGUNEk, Euskal Herriko Hizkuntz Industrien Elkarteak, bere burua aurkeztu du Europan

Estatuko sektorearen ordezkariak buru izango dira Bruselan, Hizkuntza Industriaren Europako I. Foroan; Europako Batzordeak antolatu du foroa, "partekatu, elkarlanean aritu, hazi" lemapean.

Munduko hizkuntza-zerbitzuen merkatuak 31.438 milioi euroko balioa du (2011n), eta, zenbatetsi denez, munduko merkatuaren % 42,07 (13.225 milioi euro) europar merkatuari dagokio.

Europako erakundeekin lehen harremanak iaz hasita, Euskadiko hizkuntza-industria Europako jardunbide egoki bihurtu da

 

    LANGUNEren zuzendari nagusiak, Fernando Alanak, gaur parte hartu du Bruselan egiten ari diren Hizkuntza Industriaren Europako I. Foroan, europar industriari ezagutarazteko Euskal Herriko Hizkuntz Industrien Elkartearen jatorria, funtzionamendua eta helburuak, bai eta Euskadin sektore horrek dituen ezaugarriak ere.

    Joan den urtearen amaieran, LANGUNE lehenbiziko aldiz jarri zen harremanetan Europako erakundeekin, eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eta Europar Batasunerako Euskadiko Ordezkaritzaren bitartez egin zuen harreman hori.

   Sektoreak Euskal Autonomia Erkidegoan duen garrantzia nabarmendu du Alanak. Iaz ia 602 milioi euro fakturatu zituen, eta 3.307 pertsonari lana eman zien (8.000 lanpostu, irakaskuntza arautua kontuan hartuz gero). Europan sektoreak duen fakturazio-bolumen osoaren % 4,5 da hemengoa, eta, mundu osoa hartuz gero, berriz, % 1,9. Euskadin sektoreak duen aurreikuspenaren arabera, % 2 inguru haziko da 2012an.

   Hizkuntza Industriaren Europako I. Foroan parte hartzeari esker, LANGUNEk beste aurrerapauso bat eman du europar esparruko hizkuntzaren industrian ordezkari, erreferente eta bitartekari gisa aintzatetsi dezaten. Halaber, estatu osoan sektorearen bultzatzailea ere bada, ez baitago antzeko beste elkarterik.

Atzo, maiatzaren 24an, egin zen Foroak "partekatu, lankidetzan aritu, hazi" lema du, eta Europar Batzordearen Itzulpengintza Zuzendaritzak antolatu du. Han izan dira LANGUNEren bazkide diren sektoreko euskal enpresak; besteak beste, Elhuyar Fundazioa, Eleka Ingeniaritza Linguistikoa, UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroa, eta Elhuyar Aholkularitza. Lehen Foro honen helburua izan da hizkuntzaren europar industriako agenteen arteko topaketa erraztea, haien ezagutzak, esperientziak, beharrak, erronkak eta abar partekatzeko. Horretarako, hainbat hitzaldi eman dira, eztabaida-tailerrak programatu dira eta networking-erako eremuak sortu dira.

LANGUNEko zuzendari nagusiak "Impulsar la cooperación: hacia el crecimiento" (Lankidetza sustatzea: hazkundera bidean) izenburuko hitzaldian gogoratu duenez, elkartearen helburu nagusia da Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza-industriaren garapena eta hazkuntza sustatzea, "han hazten ari den sektore estrategikoa baikara, gure gizartean guztiz errotuta dagoena".

Fernando Alanak gogorarazi du, halaber, "etengabe aldatzen eta hazten ari den sektorea" dela. "Izan ere, kanpoko merkatuetan edozein produktu edo zerbitzuren salmenta- eta merkaturatze-prozesuetan kontuan hartzen hasi dira hizkuntza-produktuak eta -zerbitzuak; ezinbestekotzat jotzen hasiak dira, beharrezkoa ez den gastu gisa ikusi beharrean".

Haatik, LANGUNEko zuzendari nagusiak aipatu duenez, enpresa eta erakundeak mundu-mailako jokaleku eta merkatuetan lehiatzen dira eta, hori dela eta, kudeaketa elebakarretik nahiz elebidunetik abiatuta, hainbat hizkuntzatan dagoen informazioa kudeatzeko aukera ematen dieten zerbitzu eta produktuak behar dituzte. Dioenez, "bere komunikazio-prozesuetan, dela erakundearen barruan, dela kanpora begira, kudeaketa eleanitza behar duen enpresa orori, edozein sektoretakoa delarik ere, laguntzeko zeregina du Euskal Herriko Hizkuntz Industriak, berariazko produktu eta zerbitzuen bitartez".

 

   Bruselan egin den topaketan, Europa osoko hizkuntza-industriako elkarteen, unibertsitateen eta enpresen ordezkariek parte hartu dute. Hainbat gai jorratu dituzte; besteak beste, sektorearen definizioa, proiektu pilotuak, sektorean enplegua lortzeko dauden aukerak, hizkuntzaren funtzio soziala eta industriaren ikusgarritasuna.

 

LANGUNE

www.langune.com

Itzulpengintzaren, edukien, hizkuntzen irakaskuntzaren eta hizkuntza-teknologien 30 erakunde baino gehiago biltzen ditu LANGUNEk. 2010eko urtarrilean osatu zen, Gipuzkoa Berritzen - Innobasque plataformaren barruan sortu zen taldeak bi urtez egindako lanaren emaitza.

Elkartearen helburua da Euskal Herriko Hizkuntzaren Industriaren garapena eta hazkuntza sustatzea, baliodun zerbitzuak eskainiz bai haren bazkideen, bai sektorearen onurarako.

LANGUNEk, gainera, nazioarte mailan elkarteen arteko eredu bilakatu nahi du, eta Euskal Herrian bere garrantzi estrategikoa aitor dakion. Horretarako, elkartea lanean ari da sektorea egituratzeko eta batzeko -betidanik zatikatua egon baita-, merkatu berrietara jauzi egiteko eta aukera berriak bilatzeko, Euskal Herriko beste sektore batzuekin eta Administrazioarekin batera.

LANGUNE Elkarteko kideen zerrenda:

  • - Ahotsak - Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea
  • - Ametzagaiña Taldea
  • - Artez Euskara Zerbitzua
  • - Asmoz Fundazioa
  • - Bakun Itzulpen eta Argitalpen Zerbitzua
  • - Bitez Logos
  • - CodeSyntax
  • - Eizie - Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea
  • - Elduaien hizkuntza-eskola
  • - Eleka Ingeniaritza Linguistikoa
  • - Elhuyar Aholkularitza
  • - Elhuyar Fundazioa
  • - Emun - Lana Euskalduntzeko Kooperatiba
  • - Iametza Interaktiboa
  • - KOMALingua
  • - Lacunza-ih
  • - Libenet
  • - Maramara* taldea
  • - Mondragon Lingua
  • - HUHEZI - Mondragon Unibertsitatea
  • - Pausumedia GKE
  • - Plazagunea (Egunea)
  • - Rec Grabaketa Estudioa
  • - Tecnalia
  • - IK4-Tekniker
  • - Tisa
  • - Deustuko Unibertsitateko LinguaMedia taldea
  • - EHUko IXA taldea
  • - EHUko AHOLAB Signal Processing Laboratory
  • - EHUko Letren Fakultatea
  • - EHUko Speech Interactive
  • - EHUko Euskara Institutua
  • - EHUko Donostia Research group on Multilingualism and Education-DREAM taldea
  • - UZEI Termonologia eta Lexikografia Zentroa
  • - Vicomtech - IK4

 

 

Berri honen iruzkinen RSSa

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan

Sartu zure emaila

eta pasahitza berreskuratzeko jarraibideak bidaliko dizkizugu


Orain, begiratu zure emaila

Email bat bidali dizugu pasahitza berreskuratzeko jarraibideekin. Jarrai itzazu Irekian sartzeko.