
Prebentzio eta diagnostiko goiztiarrari esker gero eta gehiago dira azaleko minbiziari aurre egiten diotenak
Osasun eta Kontsumo Sailak gogoratzen du, uda atarian gaudela, hil edo bizikoa dela eguzkiaz babestea eta azal-orbanei kontu hartzea.
Azaleko minbizien biziraupenak hobera egin du azken urteotan Euskadin kontzientziazio eta diagnostiko goiztiarrari esker, nahiz eta minbizi mota horren intzidentziak gora egin duen. Eusko Jaurlaritzaren Osasun eta Kontsumo Sailak emandako datuak horren lekuko dira. Izan ere, udaroa hastear dagoela, berriro gogoratzen digute oso garrantzizkoa dela eguzkitik babestea eta orinen eta azal-orbanen bilakaerari kontu hartzea.
Horrela, hona hemen gomendioak:
|
|
Sailak gogoratzen duenez, erradiazio ultramorea da azaleko melanomaren errudun nagusia. Eguzkitan edo beste iturri artifizialenpean (adb.: eguzkirako ultramorezko lanparak) modu desegokian jartzeagatik sortzen da melanoma. Erradiazio ultramoreek azalaren gainean eragiten dute azaleko tumoreak agertzeko bide emanez eta, izatez, egiaztatu da melanoma maizago agertzen dela eguzkipean jarritako gorputz-ataletan. Bestetik, eguzkitako gela-lanparen argitan gehiegi jartzen diren pertsonek ere azaleko minbizia izateko arrisku handiago dute.
Egun, azaleko minbiziari dagokionez 160.000 kasu inguru diagnostikatzen dira urteko mundu osoan, hau da, tumore guztien %1,5 gizon eta emakumeak kontuan izanik. 10 kasutatik 8 herrialde garatuetan sortzen dira eta, beste lekuetan ez bezala, Europan emakumeek jasaten dute gehien.
EAEk minbiziko kasuak jasotzeko erregistroa dauka eta horren arabera azaleko melanomaren intzidentzia- eta hilkortasun-tasek gora egin dute 1986 eta 2006 urte bitartean emakume nahiz gizonengan. Horrela, bi hamarkada horietan, intzidentzia-tasak 3,1tik 8,9ra pasa ziren (100.000 biztanleko), gizonezkoen kasuan; eta 4,6tik 10,7ra (100.000 biztanleko), emakumezkoen artean. Hilkortasun-tasek ere gora egin zuten, eta gizonezkoen kasuan nabarmen gainera (+%2,8 urteko); emakumeei dagokienez, aldiz, ez zen funtsezko aldaketarik nabaritu.
Nolanahi ere, melanomaren biziraupenak gora egin du gizon eta emakumeengan. Izan ere, gizonezkoen biziraupena emakumezkoena baino gehiago hazi da. Halere, termino absolutuetan emakumeen biziraupena gizonena baino handiagoa da. Tratamenduaren beraren aurrekuntzetatik baino diagnostiko goiztiarretatik etorri da biziraupenaren hobekuntza. Horregatik hain zuzen oso garrantzizkoa da horrelako tumoreetan aurretiazko neurriak hartzea. Egia esateko, herritarrak gero eta gehiago jabetu dira garrantzizkoa dela eguzkitik babestea eta azaleko orbanei kontu hartzea. Hori dela-eta, kasu gehiago antzematen ari dira hasierako faseetan biziraupenaren onerako. Tumore txikiak erraz tratatzen eta zaintzen dira. Melanoma aurreratuak, aitzitik, hilgarriak izan daitezke. Edonola ere, Osasun Sailak azpimarratu nahi du komenigarria dela dermatologoarengana jotzea orinetan aldaketarik somatuz gero. Halere ezin ahaztu orin gehienak onberak izaten direla.


Berri honen iruzkinen RSSa