
Euskadin 203 bizi salbatu ziren 2011. urtean organo-transplanteei esker
Ekainaren 6a. Organo Emaileen Mundu Eguna
Euskadi munduko lehen postuetan dago organoak emateari dagokionez, ia 46 emaile baitaude milioi biztanle bakoitzeko
Gaur, ekainak 6, Emailearen Eguna ospatzen da mundu osoan, organoak ematen dituztenen elkartasuna espresuki aintzat hartu eta eskertzeko. Horrela, 2011. urtean 203 transplante egin ziren arrakastaz Euskadin:
- giltzurruneko 123 transplante (% 5 emaile biziekin)
- gibeleko 61 transplante
- biriketako 10 transplante
- bihotzeko 9 transplante
Euskadik munduko lehenengoen artean jarraitzen du, aurten ere, organoak emateari dagokionez. Iaz goia jo zuen, 46 emaile baitzituen milioi biztanleko (PMP). Horrek esan nahi du Estatuko batez bestekoa (35-36) baino % 25 gorago gaudela, nahiz eta Estatuko tasa munduko altuenetakoa den.
Kopuru horiek ez dira une jakin batean sortu den datua. Azken hamarkadan Euskadiko tasa ez da urtean 40 emale/PMP baino txikiagoa izan. Eskuzabaltasun hori, hala ere, antzua izango litzateke jarduera horretarako baimendutako zentroetan emate-trasplante prozesuetan parte hartzen duten osasun arloko eta osasun arlotik kanpoko profesionalen lana izango ez bagenu. Badira emate-trasplante prozesua beste alderdi batzuetatik errazten duten erakunde batzuk: epaileak, auzitegiko medikuak, epaitegietako laguntzaileak, aireportuetako langileak, SOS-DEIAK, Ertzantza; baita gaixoen elkarteak eta hedabideak ere, funtsezko eginkizuna baitute gizartea kontzientziatzeko lanean.
Baina egoera positiboa den arren, gaurkoa bezalako egunak baliagarriak dira lasai geratzerik ez dugula gogorarazteko. Berez, ospitaletan hiltzen diren 100 pertsonatik batek baino ez ditu betetzen emaile izateko baldintzak.
Kontuan izan beharreko beste gai bat familien ezezkoak dira. Nahiz eta Euskadin ezezko horiek nabarmenki murriztu diren. Euskal Autonomia Erkidegoko familien % 90ek jarrera positiboa izaten du organoak emateari buruz. Hau da: Euskadiko 10 familiatatik 1ek bakarrik dauka ematearen aurkako jarrera. Estatu osoan ia 10etik 2 dira aurkako jarrera hori dutenak; eta askoz gehiago Europako beste herrialdeetan eta Amerikan.
Testuinguru horretan kontzientziazio-lan garrantzitsua egiten dute gaixoen elkarteek. Osasun eta Kontsumo Saila, Kronikotasun Estrategiaren barruan, elkarteei laguntzeko programa bat garatzen ari da, haien plataforma digitalak sustatzeko; izan ere, tresna baliagarriak baitira informazioa trukatzeko eta harremanak. 2011. urtean 44 elkarteri eman zitzaizkien horrelako diru-laguntzak.
Horrez gain, duela egun gutxi abian jarri zen Kronet, Euskadiko Pazienteen Komunitatea. Sare sozial bat da, non gaixo kronikoek, familiek, lagunek eta zaintzaileek esperientziak, emozioak eta aholkuak trukatu ditzaketen, eta laguntza jaso, gaixotasunarekin duten eguneroko bizipenetan. Une hauetan Kronet sareak 600 erabiltzaile inguru dauzka.


Berri honen iruzkinen RSSa