
Bizkaiak gizarte laguntzen arloko iruzurraren kontrola oztopatzen du
Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak argitu duenez, Bizkaiko Foru Aldundiak, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBE) hartzaileen espedienteak aurkeztean duen atzerapenarekin, "modu larrian atzeratu du gizarte-laguntzen kudeaketa, espedienteen kontrola eta jarraipena oztopatu du, baita prestazio horren arloko iruzurraren aurkako borroka ere".
Eusko Legebiltzarraren joan den abenduko onarpenarekin, Lanbidek bere gain hartu du gizarte-prestazioen kudeaketa osoa, eta, horren haritik, Euskal Enplegu Zerbitzuak DBEaren hartzaileen espedienteak bidaltzeko eskatu zion Bizkaiko Foru Aldundiari. Hala ere, Bizkaiko Foru Aldundiak, bere kudeaketan zekartzan atzerapen handien ondorioz, oraindik ez ditu eman bere esku dituen espediente guztiak.
Bizkaiko Foru Aldundiak sei hilabete baino gehiago behar izan ditu egiteke zituen 15.000 espediente arrunt igortzeko, kudeatzen zituen espediente guztien % 40. Gaur egun oraindik mila espediente inguru bidali behar ditu erabaki beharreko errekurtsoekin. "Ez dakigu zergatik ezkutatzen dizkiguten hainbeste hilabetetan DBEei buruzko espedienteak", azpimarratu du Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko zuzendari Pedro Sánchezek.
"Bururatzen zaigun arrazoi bakarra da DBEaren kudeaketan historikoki zekarren atzerapen erraldoia, gaur egun arte espediente arruntak bidaltzea eragotzi diona; eta gainera oraindik zain dituzte herritarren errekurtsoei buruzko espedienteak". Bizkaiko Foru Aldundiak orain arte eman dituen espedienteek zazpitik zortzi hilabetera bitarteko batez besteko atzerapena metatzen dute ebazteko. Are gehiago, Lanbideko langileek urtebeteko atzerapena gainditzen duten kasuak ere aurkitu dituzte.
"Bizkaiko Foru Aldundiak DBEaren inguruan egin duen kudeaketa oso txarra izan da. Handikeria eta lotsagabekeria iruditzen zaigu urteetan izandako beren ezintasun propioa Lanbideri egoztea, izan ere Lanbideko langileak lan bikaina egiten ari baitira eskualdaketa-prozesuaren konplexutasuna gorabehera, hilero argitaratzen ditugun datuek egiaztatzen dutenez", gogoratu du Sánchezek.
"Lanbidera igorri ez den edozein espedienteren ondorioz, eskatzailea gure bulegoetara etortzen denean, berari buruzko daturik ez dugula ikusten du. Nork eragiten dio kalte hori herritarrari? Bizkaiko Aldundiak bere atzerapenekin eta kudeaketa tamalgarriarekin".
"Urteetako atzerapenak"
"Aldundiak hilabeteetako atzerapenak metatzen ditu, baita urteetakoak ere, lan gehiena udaleko gizarte-zerbitzuek egiten zuten arren. Atzerapen horien ondorioz, premia zuten pertsonei egin beharreko ordainketan atzerapenak izan dira, eta kontrolik gabeko ordainketak egin dira legea urratzen zuten kasuetan, eta Lanbidek horiek denak konpondu ditu espediente horiek ikuskatu dituenean", argitu du Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko zuzendariak. "Etika-falta eta politikako lotsagabekeria iruditzen zaigu Ardanza andreak komunikabideei deitzea argazkian irteteko, eta amaitu ez den emanaldi bat amaitutzat ematea".
Lanbideren ustez, Bizkaiko Aldundiak egungo legealdiaren hasieratik Eusko Jaurlaritzaren aurka hasi zuen kanpaina politikoaren beste zati bat da.
Joan den abenduan, Euskal Autonomia Erkidegoa gizarte-prestazioak lan-jarduerarekin lotu zituen lehen autonomia-erkidegoa bihurtu zen, hain zuzen ere subsidioen kronifikazioa saihesteko, eta pertsonek prestaziorako eta gizarteratzeko duten eskubidea bermatzeko. Bizkaiko Aldundiak gizarte-prestazioen kudeaketan eman dituen 22 urteetan bete ez duen helburu bat.
Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak 165 milioi euro ordaindu ditu Diru-sarrerak bermatzeko Errentaren (DBE) eta Etxebizitza Prestazio Osagarriaren (EPO) kudeaketan eman dituen lehen bost hilabeteetan, hau da, joan den urteko aldi berean ordaindutakoa baino % 4,5 gehiago. Egindako ordainketen % 82,9 Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari dagokio, eta gainerako % 17,1 Etxebizitza Prestazio Osagarriari.


Berri honen iruzkinen RSSa