
Eusko Jaurlaritzak parte-hartze azpimarragarria izan du Justizia Konponarazlearen Europar Foroaren VII. Batzarrean
Euskal parte-hartze proaktiboa eta europar aitortza Justizia Konponarazlearen Europar Foroaren VII. Batzarrean, Helsinkin egina.
Eusko Jaurlaritzak esku hartu du Justizia Konponarazlearen Europar Foroaren hasierako ekitaldian, eta nazioarteko aitortza jaso du bitartekaritza judizialeko euskal zerbitzuentzat.
Justizia Konponarazlearen Europar Foroak bi urtetik behin egiten duen Batzarraren baitan, 300 nazioarteko aditu baino gehiago bildu dira, ekainaren 13tik 16ra bitartean, justizia konponarazleari buruz eztabaidatzeko, bitartekaritza judizialak gatazken konponketan dituen abantailak aztertzeko, eta ekimen bateratuak bultzatzeko europar proiektuen esparruan.
Europar Batasunaren kofinantziazioarekin, nazioarteko adituak biltzen ditu esperientzien trukea bultzatzeko justizia konponarazlearen eta bitartekaritza judizialaren eremuan, eta baita ekimen bateratuetan parte hartzeko ere.
Hasierako osoko bilkuran, hitza hartu zuten Finlandiako Justizia Ministroak eta Osasun eta Gizarte Gaien Ministroak, Eusko Jaurlaritzako ordezkariarekin batera; izan ere, Justizia Konponarazlearen Europar Foroaren kide gisa, honek Helsinkiri utzi dio lekukoa, Foroak bi urtetik behin egiten duen batzarraren azken saioa Bilbon egin baitzen, 2010eko ekainean. Halaber, Batzarrak Europar Batzordearen Presidenteorde Viviane Redingen presentzia ere izan du, bideokonferentzia bidez.
Bertan izan diren eztabaida saioetan, jardunbide egokiak aztertu dira eta biktimaren eta erasotzailearen arteko bitartekaritzaren alderdiak jorratu dira, gatazken konponketaren eremuan; horri lotuta, eragindako kaltea lehengoratzeko eta konpontzeko modua ere egon da eztabaidagai.
Batzar horretan, azpimarratu behar da jardunbide egokiak jasotzen zituen txostenean Euskadiko Bitartekaritza Judizialeko Zerbitzuek 2010az geroztik izandako bilakaera aurkeztu dela. Euskadik Norvegiarekin batera esku hartu du, Bitartekaritza Zerbitzuen europar erreferentzia nagusietako bat baita. Horrek erakusten du Euskadi gai horretan gauzatzen ari den lanak jaso duen nazioarteko aitortza.
Gisa berean, euskal ordezkaritzak harremanak finkatu ditu Belgika, Holanda eta Norvegiako agintaritza publikoekin, sinergiak ezartzeko eta europar ekimenetan elkarrekin lan egiteko xedez.
Euskal ordezkaritzaren partaideak hauexek izan dira: Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazio Saileko ordezkariak, Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritzako kideak eta Euskadiko Bitartekaritza Judizialeko Zerbitzuaren bitartekarien ordezkariak.
Europako hitzordu garrantzitsu hau harremanetarako plataforma bat izan da, eta aukerak zabaldu ditu Euskadirentzat onuragarriak izan daitezkeen beste europar eta nazioarteko ekimen batzuetan inplikatzeko.


Berri honen iruzkinen RSSa