
Lehendakariaren Kabineteak EAJri akordioak lortzeko hamar "gai estrategiko" dituen dokumentu bat bidali dio
Mendiak berretsi egin du Gasteizko gobernuak EAJrekin "akordioak lortzeko duen borondatea" eta espero du ekaina baino lehen emaitzak lortzea
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, Patxi Lópezen gobernuak jada EAJri igorri dion dokumentuaren edukia azaldu du, Euskadiren "modernizazioari" begira, gairik nabarmenenak lantzeko Lehendakaritzan izan zuten bileraren ondoren lehendakariak hartu zuen konpromisoa betez.
Dokumentuak hamar "gai estrategiko" biltzen ditu eta horietan lehendakariak EAJrekin akordio bat lortu nahi du. Lehendakariaren Kabineteak jada igorri dio EAJri bi aldeek akordioa lor dezaketen hamar "gai estrategikoak" jasotzen dituen dokumentua. Dokumentu horrek lehendakariak eta Iñigo Urkullu EAJren presidenteak, duela astebete pasa, Lehendakaritzan izan zuten bileraren puntu nabarmenenak laburbiltzen ditu. Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramaileak, berriro adierazi du lehendakariaren ekimen honen atzean "akordioa lortzeko borondatea" dagoela.
Asteroko Gobernu Kontseiluaren ondoren, Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, komunikabideen aurrean agertu da, Carlos Aguirre Ekonomia eta Ogasun sailburuarekin batera. Honek, Ekonomia eta Ogasun Sailak proposatuta, Kontseiluak, euskal enpresen finantzaketa babesteko, gehienez 600 milioi euroko zuzkidura duen programa bat onartzeko erabakia zehaztu du.
Idoia Mendia bozeramaileak, Lehendakaritzak jada EAJri igorri dion dokumentuaren edukia azaldu du. Dekalogo bat da eta bertan osasungintzaren erreformak, hezkuntzaren modernizazioa, langabeziaren aurkako borroka, Udalen Legea, gizarte politiken iraunkortasunari buruzko akordioak edota terrorismoaren aurkako batasuna bezalako gaiak biltzen dira. Eusko Jaurlaritzarentzat hamar "gai estrategiko" dira, eta honek, "oposizioko alderdi nagusiarekin, herriarentzat erreferentziazkoak diren gai handien gainean, legealdi bateko gobernuaren ekintzatik haratago doazenak, akordioak lortzeko" borondatea du.
Negoziazioa faseka
Dokumentua bidalita, Eusko Jaurlaritzak espero du apirilaren 30a baino lehen azterketa eta helburuak bateratzeko fasea ixtea, eta behin lehenengo adostasun horiek lortuta, bigarren fase bat irekiko da, sakondu egingo diren helburu zehatzen zerrenda bat aztertzeko. Bigarren fase horrek 3 hilabete iraungo du. Behar adinako akordioak lortu diren gaietan, hirugarren fase bat irekiko litzateke, gauzatzeko fasea.
Azkenik, bozeramaileak berriro esan du EAJrekin akordioak lortzeak ez duela "zalantzan jartzen" PSE eta PPren artean sinatutako egonkortasun akordioa. Horrela, Mendiak azpimarratu du PP dela Eusko Jaurlaritzaren "lehentasunezko kidea" eta EAJri igorritako dokumentuan jasotzen diren gai guztiak jada landu direla ‘popularrekin'.
600 milioi ETEentzat
Agerraldi honetan, Carlos Aguirre Ekonomia eta Ogasun sailburua ere egon da, eta Ekonomia eta Ogasun Sailak proposatuta, Kontseiluak, euskal enpresen finantzaketa babesteko, gehienez 600 milioi euroko zuzkidura duen programa bat onartzeko erabakia azaldu du.
Aguirre sailburuak ziurtatu du neurri horiekin "abalen babes finantzarioaren mapa osatuko dela" eta lortu nahi dena dela "bideragarria den proiektu bat ere gauzatu gabe ez geratzea, finantzazio ezarengatik".
Programaren helburua, ETEen eta autonomoen zirkulatzaile beharrak finantzatzean datza; epe laburrerako zorra berritzean, epe laburrerako zorra epe ertain eta luzerako zor gisa egokitzean.
Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 2010-02-09n hartutako erabakiak
Deskargak
- Audioak (2)
- Bideoak (2)
- Argazkiak
Politikariak
Beste gonbidatu batzuk
- Lehendakaria


Berri honen iruzkinen RSSa