
Euskadiko hotelek historiako maiatzik onena izan dute 2012an turisten sarrerari dagokionez
Egiaztatu da aurten urterik hoberena izaten ari dela atzerritarren etorrerari dagokionez, % 3 hazi baita 2011ren aldean.
Lehenengo bost hilabeteetako datuen arabera, 2012. urtea bigarren urte hoberena da euskal turismoarentzat, iaz izandako markaren ondoren.
Urtarriletik maiatzera bitarte, 824.000 turista baino gehiago erregistratu dira euskal hotel-establezimenduetan, hau da, iaz baino % 2 gutxiago, baina aurreko urteetan baino askoz gehiago (2009an baino % 16 bisitari gehiago iritsi da Euskadira).
Lehenengo bost hilabete hauetan, Araban % -0,5 turista gutxiago izan dira, Bizkaian % +0,1 gehiago, eta Gipuzkoan % -5,6 bisitari gutxiago.
Hiriburuen arabera, Gasteizen % +2,7 igo da, Bilbon % -0,4 jaitsi da eta Donostian % -6,3ko jaitsiera izan da bisitarien etorrerari dagokionez.
Turismoan datu positiboak daude orain ere, eta egiaztatzen da sektore horrek gorakada izan duela Euskadin azken urte hauetan. Eustat Euskal Estatistika Erakundeak ezagutzera emandako datuen ondorioz, esan daiteke 2012an izan dela euskal turismoaren maiatzik hoberena. 2011. urtea gainditzen du turisten sarrerei dagokienez nahiz ostatu-gauei dagokienez.
Horrez gain, sektorea lehenengo bost hilabeteen ikuspegitik aztertzen bada, egiazta daiteke hau dela bigarren urterik hoberena Euskadiko hotel-establezimenduentzat, turisten sarrerei dagokienez 2011n izandako markatik % 2 beherago baino ez (urtarriletik maiatzera bitarte 824.730 bisitari izan dira), eta % 1,1 gau-ostatuetan (guztira 1,5 milioi).
Turismo-sektorearen 2012ko alderdirik nabarmenena da turista atzerritarren kopurua igo egin dela aldi honetan. Aurten, % 3ko igoera izan da aurreko ekitaldian izandako markarekin alderatuta (% +1,8 gau-ostatuetan).
Bestalde, estatuko turismoa jaitsi egin da 2011koaren aldean (% 4 sarrerei dagokienez eta % 2,5 gau-ostatuei dagokienez), baina historiako bigarren urterik hoberena da oraindik kapitulu honetan.
Oro har, euskal turismoa nabarmen hazi da oso urte gutxitan. Zehazki, aurten jaso ditugun bisitarien kopurua duela hiru urte jasotakoarekin alderatuta, Euskadik lehenengo bost hilabeteetan 2009an baino 112.141 turista gehiago izan dituela ikus daiteke. Horrek esan nahi du % 15,7ko igoera izan dela. 2010. urteari dagokionez, % 4ko igoera izan da.
Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren ustez, positiboa da euskal turismoaren aldi honetako balantzea. Ikusten da zailtasun ekonomikoko urte hauetan sektoreak eutsi egiten diola Euskadin, baina horrez gain, igotzeko gai ere badela.
Lurraldearen arabera
Lehenengo bost hilabeteetako balantzean, ikusten da Arabako eta Bizkaiko lurraldeetan oso aldaketa txikiak daudela aurreko urteko datuen aldean, baina egiaztatzen da Gipuzkoan beheranzko joera dagoela.
Gauzak horrela, Araban 128.910 turista sartu dira aldi honetan, hau da, % -0,5 2011ko lehenengo bost hilabeteetako datuen aldean. Lurralde horretan bakarrik igo da estatuko turisten kopurua, nahiz eta 22 turista gehiago baino izan ez diren. Aitzitik, hoteletan erregistratutako atzerritarren kopurua % -2,8 jaitsi da.
Hiriburuan, hots, Gasteizen bisitarien marka gainditu da aldi honetan, iazko datuekin alderatuta % 2,7ko hazkundearekin.
Bizkaian, 410.429 pertsonak hartu dute ostatu lehenengo bost hilabeteetan; horrek esan nahi du % 0,1eko igoera izan dela iazko datuen aldean. Lurraldean % -2,5 jaitsi da nazioko turista kopurua, eta hori kontrajarrita dago atzerritarrei dagokienez % 6,8ko igoera izan delako; azken kasu horretan markak hautsi dira. Ildo horretan, baliteke Makina Erremintaren Biurtekoa BECen egitearen ondorioz (maiatzaren 28an hasi zen) eragina positiboa izatea.
Bilbori dagokionez, iazko aldi honetako datuei dagokienez, % -0,4ko jaitsiera izan da turista kopuruan eta, beraz, 2011. urtearen atzetik, bigarren urte onena izan da.
Bestalde, Gipuzkoari dagokionez, lehenengo bost hilabete hauetan turista gehien galdu dituen lurraldea izan da. Zehazki, 2011ko datuekin alderatzen bada, ikus daiteke % -5,6 jaitsi dela. Atzerritar bisitarien kasuan aldakuntza % 0,6 besterik ez da izan. Nolanahi ere, estatuko turisten jaitsiera nabarmena da (% -8,2 urtarriletik maiatzera bitarte); horrek esan nahi du 2004. urteaz geroztik ikusten ez ziren zifretara itzuli dela Gipuzkoa.
Donostian, lehenengo bost hilabeteetan ere jaitsiera izan da turista kopuruari dagokionez. 160.503 turista iritsi dira; horrek esan nahi du % -6,3ko jaitsiera izan dela (edota 10.863 bisitari gutxiago izan direla).
Vitoria-Gasteiz, 2012ko maiatzaren 22a


Berri honen iruzkinen RSSa