
Ikerbasquek eta EHU-k neurozientzia, material berriak eta diseinu makromolekularra ardatz duten hiru ikerketa zentro berri bultzatuko dituzte
Isabel Celáa Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburu eta Ikerbasqueko Presidenteak eta EHU/UPVko Errektoreak IKERBASQUE Fundazioak eta EHU/UPVk bultzatutako hiru BERC (Oinarrizko eta Bikaintasunezko Ikerketa Zentroak) berriak aurkeztu dituzte gaur goizean, neurozientzia, nanoegiturak eta diseinu makromolekularra ardatz izango dituztenak, hurrenez hurren. Achucarro Basque Centre for Neuroscience, Basque Centre for Materials, Applications and Nanostructures, eta Basque Centre for Macromolecular Design & Engineering-Polymat deritzen hiru institutu hauek abiarazi ondoren, Euskadik unibertsitate-inguruneari lotutako eliteko bederatzi ikerketa-zentro ditu dagoeneko.
Hiru BERC berri hauek sekulako garapen-potentziala duten beste horrenbeste jakintza-arlorekin lotuta daude. Euskadik nazioarteko punta-puntako zentroekin lehiatzeko gaitasuna frogatu du jakintza-arlo horietan, hots, garunaren biologian, material funtzional edo adimendunen ingeniaritzan eta gaur egungo gizarte modernoarentzat ezinbestekoak diren polimeroei buruzko ikerketan.
Achucarro zentroak (izena, Alzheimer eta Ramon y Cajalekin ikasle ibili ondoren, gaur egun ere neurozientzian barra-barra erabiltzen den kolorazio-teknika bat garatu zuen lehen euskal neurozientzialariari hartutakoa da) garunaren biologia ikertzen jardungo du nagusiki, organo honen funtzionamendua eta alterazio patologikoak ulertzeko asmoz. Garuneko mekanismoen ezagutza funtsezkoa da Alzheimerra, esklerosi anizkoitza, istripu zerebro-baskularrak eta gisa horretako beste gaixotasun batzuetarako terapia berriak aurkitzeko.
Bestalde, Materialen eta Nanoegituren Zentroak Material Funtzionalen (eroaleak, erdieroaleak, dielektrikoak, magnetikoak, optikoak…) egitura eta propietateen arteko hartu-emanak izango ditu ardatz. Diziplina anitzeko eremu honek, energian, sentsoreetan eta abarretan erabil daitezkeen material adimendunak, nanomagnetismoa eta material aurreratuak barne hartuta, era askotako aplikazioak ditu zientzia eta ingeniaritzaren arlo desberdinetan. Zentroa geruza mehean eta nanoegituretan espezializatuko da, eta horiek ikertzeko, neutroien eta sinkrotroi-erradiazioaren europar instalazio handiez baliatuko da.
Polymat BERCek nazioarteko ospe handiko zentroa bilakatu nahi du polimoeroen alorrean. Polimeroak dira gaur egun dauden materialik moldaerrazenak, eta autogintzan, hegazkingintzan, kirol materialetan, etxetresna elektrikoetan, etxeko horniduretan, eraikuntzan, ukipen-lenteetan eta bihotz artifizialetan erabiltzen dira, besteak beste. Hauek dira material hauen prestazioak hobetzeko erronka nagusiak: polimero-kateen funtzionaltasuna eta arkitektura eta material inorganiko eta biologikoekin duten elkarreragina kontrolatzea eta hiru dimentsiotan duten antolaketa ulertzea. Polymaten, erronka horiek izango dira ikerketaren ardatz, betiere energian, elektronikan, garraioan, eraikuntzan eta biomedikuntzan erabiltzeko moduko aplikazioak garatzeko asmoz.
Deskargak
- Audioak (3)
- Bideoak (2)
- Argazkiak
- PDF (1)
Politikariak
Beste gonbidatu batzuk
- Isabel Celaá


Berri honen iruzkinen RSSa