
Uratloiak, Uraren Euskal Agentzia-URAk sustatutako kirol jarduera berria
Gaur goizean, Uraren Euskal Agentzia-URAk uztailean zehar bultzatuko duen kirol modalitate berria eman du ezagutzera. Jarduera honen helburu nagusia euskal gizarteari gure ingurumeneko baliabide hidrikoek dituzten aukerak ezagutaraztea da.
URATLOIA izeneko kirol ekintza honetan bi diziplina uztartzen dira, alde batetik, oinezko lasterketa eta, bestetik, igeriketa.
Guztira 3 txapelketa egingo dira, Lurraldeko bakoitzeko bat, Hondarribian (Gipuzkoan, uztailaren 7an), Garaion (Araban, uztailaren 15ean) eta Gorlizen (Bizkaian, uztailaren 25ean). Ekintza herrikoiak izango dira, guztiontzat irekiak familian edota lagunen artean gozatzekoak horien distantziak txikiak baitira, zailtasun berezirik gabekoak.
Prentsaurrekoan, Uraren Euskal Agentzia-URAren Erakunde Harreman eta Berrikuntzarako zuzendaria den Enrique Urrutiak esan du URATLOIA aukera paregabea dela agentziak gauzatzen duen jarduera euskal gizarteari erakusteko. "Hiru asteburuetan gune berezi eta bitxi bilakatuko dira aipatutako kokalekuak, bertan, baliabide hidrikoei protagonismo emanez, modu lasaian kirola egin ahal izango dugulako".
Uraren Euskal Agentzia-URAren asmoa da uraren masa ezberdinen balioa indartzea, eta baliabide hidrikoei zor zaion errespetuarekiko jarreraren alde dei egin du. "Horretarako, aukera paregabea izango da itsasoetako, ibaietako eta urtegietako uraz gozatzea, eta, haien uraren egoera ekologiko ona denean, ongi pasatzeko ematen digun aukera aprobetxatzea".
URATLOIA jardueraren informazioa www.uratloiak2012.net orrian ikus daiteke.


Berri honen iruzkinen RSSa