
Euskal Udalek Eusko Jaurlaritzaren sare informatikoaren bidez jakinarazi ahal izango dituzte euren trafiko-zehapenak (2012-07-03(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)
Erabakia, udalekin lankidetza-hitzarmena sinatzea baimentzeko, trafikoko zehapen-prozedurari lotutako egintzen jakinarazpenak baliabide elektronikoen bitartez egin daitezen.
Trafiko Zuzendaritzaren eta EAEko tokiko erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena
Gaurtik aurrera, nahi duten euskal udalek Eusko Jaurlaritzaren sare informatikoaren bitartez jakinarazi ahal izango dituzten trafikoko arau-hausteak. Horretarako, tokiko administrazioek gaur Gobernu Kontseiluak onetsi duen lankidetza-hitzarmena sinatu beharko dute. Horri esker, udalek azkartasunean, segurtasunean eta ekonomian irabaziko dute herritarrei jakinarazteko prozesuetan.
Trafikoari, Ibilgailu motordunen zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko legeak hau ezartzen du: unean bertan gidariei jakinarazten ez zaizkien trafikoko arau-hausteak geroago jakinaraz dakizkieke, Bideko Helbide Elektroniko baten bitartez. Helbide hori izatea borondatezkoa da partikularrentzat, baina nahitaezkoa da ibilgailuen titularrak diren enpresentzat. Halaber, legeak ezartzen du aurtengo maiatzetik aurrera tokiko administrazioek jakinarazpen elektronikoko sistema hau erabiltzen hasi beharko dutela, trafikoko zehapenengatiko euren espedienteetarako.
EAEn, trafiko eta bide-segurtasun arloko eskumenen arduraduna de Trafiko Zuzendaritzak "Platea" izeneko aplikazioa erabiltzen du bere jakinarazpen elektronikoak egiteko. Aplikazio hori Eusko Jaurlaritzako informatika-zerbitzuen mendekoa den "Euskadi.net" sarean sartuta dago.
Gaur Gobernu Kontseiluak udalekin lankidetzan aritzeko esparru-hitzarmena onetsi ostean, "Platea" EAEko tokiko administrazio guztien eskura jarri da, horren bitartez euren jakinarazpen elektronikoak egin ahal izateko. Horri esker, udalek Trafiko Legeak exijitutako betekizunak bete ahal izango dituzte, eta, gainera, azkartasunean, segurtasunean eta ekonomian irabaziko dute, euren jakinarazpenak kudeatzeko orduan.
EAEn, nahi duten udal guztiek sinatu ahal izango dute hitzarmena. Sare telematikora sartu eta gero, tokiko erakundeek, Trafiko Zuzendaritzaren bitartekotzarekin, euren espedienteak tramitatu ahal izango dituzte, horien egoerari buruzko informazioa lortu ahal izango dute, eta jakinarazpen elektronikoen onarpen- eta hartu-agiriak kontsultatu ahal izango dituzte.


Berri honen iruzkinen RSSa