
Irekiak milioi batetik gora bisita izan ditu
Irekiak milioi bat bisita baino gehiago izan ditu (1.066.946, hain zuzen) martxan jarri zenetik 2 urte eta erdi bete direnean eta Eusko Jaurlaritzaren goi-karguen eta herritarren arteko elkarrizketa zuzena eta parte-hartzea sustatzen eta errazten dituen diseinu berria martxan jarri zenetik hilabete bat igaro denean. Lehenengo hilabete honetan 60 galdera eta 16 proposamen erregistratu dira (221 guztira) nagusiki krisi ekonomikoarekin, lanarekin, etxebizitzarekin, ingurumenarekin eta gobernu irekiarekin lotuta, eta 70.646 bisita erregistratu dira ia 200.000 orrialderekin.
Irekiak milioi bat bisita izan ditu 535.000 erabiltzaile bakar baino gehiago izan dituelako. Erabiltzaile horiek dira 2010eko urtarrilaren 25etik web orria behin gutxienez bisitatu dutenak. Bere lehenengo urte eta erdian, 450.430 bisita izan zituen, 1.208.251 orrialderekin; bere bizitzaren bigarren urte eta erdian, berriz, bisitariak bikoiztu egin dira, 802.017 izan baitira guztira, eta 1.965.507 orrialde ikusi dituzte. Irekiara estreinakoz sartzen diren erabiltzaileen %50 lehendakariaren jarduerari, lanbideri, etxebizitzari, metapostari eta software libreari buruzko informazio gehiago bilatzeko itzultzen da.
Bestalde, administrazioak herritarren parte-hartzera ireki ditu 63 proposamen, eta azkena Euskadiko gardentasun-legea izan da. Irekian 121 goi-karguk parte hartzen dute. Profil publiko bat dute; bertan, beren jarduera osora sar daitezke, eta beren agenda publikoa, proposamenak eta herritarren galderak ikus ditzakete.
2010-2011 aldian Irekiara mugikorraren edo tabletaren bidez sartzen ziren erabiltzaileak %2 ziren, baina kopuru hori bikoiztu egin da 2011-2012 aldian, %4,5ekoa izatera iritsi baita.
Irekiara sartzeko nabigatzailerik gogokoena Internet Explorer da, baina beste aukera batzuetara jotzeko joera argia ikusten da —Firefox (%28) edo Chrome (%13)—, eta, horren harira, aipatzekoa da web orria martxan jarri zenetik etengabe hazi dela beste nabigatzaileen erabiltzaile-kopurua.
GIZARTE-SAREAK
Twitter da Irekiaren profilak jarduera handiena duen gizarte-sarea: 3.986 jarraitzaile ditu, eta 326 zerrendatan sartuta dago.
Irekiak Facebooken duen orrialdeak 2.223 jarraitzaile ditu, eta bere irismen potentziala 779.957 pertsonakoa da.
Slidesharera 216 aurkezpen eta 281 dokumentu igo dira. Aurkezpenen eta dokumentuen 131.186 bistaratze eta 820 deskarga egon dira. Aurkezpenik aktiboena “Enpresentzako diru-laguntzak 2012” izan da eta ia 2.000 bisita izan ditu
Irekiak Youtuben duen kanalak 78 harpidetza ditu, eta bideoak 71.600 aldiz erreproduzitu dira. Erreprodukzio gehien izan dituen bideoa —4.000 inguru izan ditu— Euskotrenen tren berrien aurkezpena izan da, Donostia eta Hendaia artean egin zuten lehenengo proba-bidaiarena, hain zuzen.
Flickren 2.461 argazki daude igota eta bildumetan antolatuta, Sail bakoitzeko bat, hain zuzen, eta 67.000 bistaratze izan dituzte.
Argazki
Aste honetan bertan, Irekiak herritarrentzat eskuragarri jarri du Eusko Jaurlaritzaren argazki-artxiboa. 10.000 argazki ditu lizentzia irekiarekin, hau da, irudiak libreki eta dohainik erabil daitezke iturria aipatzen bada. Bere lehenengo egunean, Argazkik 17.000 bisita izan zituen.


Berri honen iruzkinen RSSa