
Eusko Jaurlaritzak udara aurreratu du Amaña-Ardantza zatia bikoizteko lanen hasiera
14,9 milioi euroko aurrekontuaren barruan Amaña eta Legarre arteko zatia estaltzea eta ingurune osoaren hirigintza berrantolaketa ere sartzen da
Eusko Jaurlaritzak udara aurreratu du Bilbo-Donostia lineako Amaña-Ardantza zatia bikoizteko lanen hasiera. Lan horiei esker tren zerbitzua hobetu egingo da eta ingurunea berrantolatu egingo da hirigintzaren ikuspegitik. Halaber, Eibarko hiriari aisiagune berria emango dio, Amaña eta Legarre arteko trenbidea estali egingo baita.
Iñaki Arriola Etxebizitza Sailburuak eta Miguel de los Toyos Eibarko alkateak hartu dute parte gaur goizean lan horietarako lehen harria jartzeko ekitaldian. Ekitaldia anbulatorioko plazan burutu da, Amañako geltokiaren aurrean.
Hasiera batean proiektu horren burutzapen lanak udazkenean hasiko zirela iragarri bazen ere, ETS-ko teknikariek, aurkeztu diren 20 eskaintzen azterketan burutu duten lan bikainari esker, epeak nabarmen murriztu ahal izan dira.
Proiektu berriak 14,9 milioi euroko aurrekontua du obra zibilerako, eta 15 hilabeteko apean burutu beharko da. Amañako geralekuaren eta Ardantzako geltokiaren artean dagoen zatia bikoiztu egingo da, eta Amañan, gaur egungo geltokia ordezkatuko duen eta erabat erabilerraza eta irisgarria izango den geltoki berria eraikiko da.
Horrez gain, operazio horren barruan Amaña eta Legarre arteko trenbidea estali egingo da. Proiektuaren parte hori, Eibarko trenbide trazatuaren hiri integrazioa hobetzeko 2010eko urtarrilean Garraio Sailaren eta Eibarko Udalaren artean sinaturiko elkarlanerako hitzarmenean aurreikusten zen.
Une honetan, Garraio Saila burutzen ari den lanen artean, Txarakua-Azitain zatiaren bikoizketa, Txarakuako trenbide pasagunea kentzeko lanak, eta ehun urte baino gehiago dituen Eibarko geltokia goitik behera zaharberritzeko lanak daude. Jarduketa horiek guztiak amaierako fasean daude eta, aurreikuspenen arabera, uda bukaeran hasiko dira zerbitzua eskaintzen.
Azken 15 hilabetetan beste lan batzuk amaitu dira, Ardantzako geltoki berriarena, bere estalkiarekin eta goialdean oinezkoentzako gunea eratuz eta Karakateko Gurutzaketa, besteak beste.
Une honetan lizitazio fasean daude Ardantza-Eibar zatia bikoizteko eta Eibar-Azitain zatia estaltzeko eraikuntza proiektuen idazketak. Horrez gain, Ermuko geltokiaren eta San Lorentzoko geralekuaren arteko bikoizketa lanen alternatiben azterlanaren idazketa ere lizitatzen ari da.
Ermua-Eibar-Elgoibar trenbide ardatzaren garapenerako estrategikoak diren proiektu horiei esker, lan guztiak amaitu eta gero 15 minutuz behingo maiztasunak eskaini ahal izango dira zati guztian. EuskoTrenek ardatz horretan egunero eskaintzen duen tren zerbitzua 3.000 pertsona baino gehiagok erabili ohi dute egunero.
Amaña-Ardantza: Proiektuaren deskribapena
Trenbidea bikoizteko trazatua gaur egungo trenbidearen inguruan garatzen da, eta bere aldapak eta erradioak antzekoak dira. 640 metro inguruko luzera izango du.
Geltoki berriak 80 metroko nasa izango du erdian, eta bertara burualdetik heldu ahal izango da. Bikoiztutako zatira egokitzeko hiri ingurunean integratuko da. Horrez gain, proiektuak, San Andres Pasealekua Torrekua kalearekin lotzen duen estrukturaren azpian egongo den trafikorako errepide berria ere definituko du.
Amaña - Ardantza zatiaren bikoizketarekin eta estaltzearekin lotutako lanek aldaketa garrantzitsuak sartuko dituzte bideetan zein bide horien inguruneen urbanizazioetan.
Trenbidea bikoizteko, trazatua hobetzeko eta gaur egun bertan dagoen geralekua ordezkatuko duen geltoki berria eraikitzeko ezinbestekoa izango da gaur egun trenbideak duen plataforma zabaltzea. Lan hori egiteko, metroak irabazi beharko dira une honetan dagoen plataformatik hegoalderantz, eta horrek eragina izango du gaur egungo errepide azpiegituran eta, batez ere, Arratera doan errepidearen bide-zubian eta Amañako auzora dauden sarbideetan, aipatutako bide-zubiko sarbidean zein San Andres Pasealekutik dagoen sarbidean.
Beste alde batetik, trenbidea bikoiztuko den gunea estaltzean, 10.000 m2 inguruko plataforma handia egin ahal izango da. Plataforma hori, oinezkoentzako pasealekua Amañatik Ardantzaraino luzatzeko eta errepide sistema berrantolatzeko oinarria izango da. Amañako geltoki berrirako oinezko sarrera ere plataforma horretatik egingo da.
Politikariak
Beste gonbidatu batzuk
- Miguel de los Toyos, alcalde de Eibar


Berri honen iruzkinen RSSa