
Gobernu Kontseiluak ezetsi du Ezker Anitzak aurkeztu zuen berraztertzeko errekurtsoa, alderdi politikoei diru-laguntzak emateko akordioaren aurkakoa (2012-07-10(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)
Erabakia, Ezker Anitza erakunde politikoak 2012ko ekainaren 5eko Erabakiaren aurka jarritako berraztertze-errekurtso ezesteko dena. Erabaki horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan ezarpena duten alderdi politikoei zuzeneko diru-laguntzak ematen zaizkie, 2012ko funtzionamendu-gastu arruntei erantzun ahal izateko.
Gobernu Kontseiluak gaurko bileran ebatzi du Ezker Anitza talde politikoak aurkeztu zuen berraztertzeko errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoan ezarrita dauden alderdi politikoei diru-laguntzak emateko ekainaren 5eko akordioaren aurkakoa.
Gobernuak erabaki du Mikel Arana jaunak Ezker Anitzaren izenean aurkeztu zuen errekurtsoa ezestea. Akordio hori hartzeko zuzenbide-oinarrietan jasota dago funtzionamendu-gastuetarako ematen den diru-laguntzaren onuradunak alderdi politikoak direla, baldin eta Legebiltzarrerako azken hauteskundeetan ordezkaritza lortu badute.
Diru-laguntza hori ez da Eusko Legebiltzarraren Araudiaren 28. artikuluan aurreikusita dagoena bezalakoa; beste diru-laguntza horren hartzaileak legebiltzar taldeak dira. Eta, halaber, ez da hauteskunde-gastuak ordaintzeko ematen den diru-laguntza bezalakoa.
Errekurtsogilearen ustez, Ezker Batua-Berdeak taldeak ez ditu diru-laguntzaren onuraduna izateko eskakizunak betetzen, talde horrek jada ez duelako ordezkaritzarik Legebiltzarrean, kontuan hartzen bada gaur egun lortu den legebiltzar ordezkari bakarra Ezker Anitza taldekoa dela. Gobernuak, ordea, ebazpenean adierazi du onuraduna eta diru-laguntzen zenbatekoa zehazterakoan erabakigarria dela hauteskundeetan lortutako emaitza, eta horretan ez dutela eraginik legebiltzar hautetsien banakako erabakiek edo haien legebiltzar taldeko gertaerek.
Errekurtsogileak honako eskaera ordezkatzaile hau jakinarazi zuen errekurtsoan: bere eskaera nagusia ez onartuz gero, aintzat har dezatela prozedura judiziala hasi dela siglen erabileraren gainean. Edonola ere, gai horrek ez dio ekainaren 5eko akordioaren legezkotasunari eragiten; eta, nolanahi ere, diru-laguntza ordaintzerakoan edo esleitzerakoan, kontuan hartu beharrekoa da.


Berri honen iruzkinen RSSa