Sartu Irekiara

Pasahitza ahaztu zaizu? Berreskuratu hemen

Bi astez gogora nazazu

Eu
2012(e)ko Uztailak 12 0

Bizkaiko Golkoko antxoa biomasa 70.000 tona ingurukoa da, behin behineko ikerketa zientifikoek adierazten dutenez

  • Jon Azkueren ustez, bolumen horri esker 20.000 eta 23.000 tona arteko HKO-TAC onetsiko da


Jon Azkuek, Arrantza eta Elikagai Industrien Sailburuordeak, Bizkaiko Golkoko antxoa biomasaren batez besteko behin behineko indizea 70.000 tona ingurukoa dela eta, hori dela eta, "ziurrenez, 20.000 eta 23.000 tona arteko HKO-TAC-a (Harrapaketa Kopuru Onargarria) esleituko dela datorren kanpainarako" adierazi du gaur.

Jon Azkuek eta Rogelio Pozok, AZTI-Tecnaliako Zuzendari Nagusiak, Bizkaiko Golkoko antxoa biomasaren aurreikuspenen behin behineko emaitzak aurkeztu dituzte Donostian. Azterlana, AZTI-Tecnaliak burutu duen eguneroko arrautza produkzio metodoan oinarrituriko BIOMAN 2012 kanpaina zientifikoaren emaitzak eta CIEM-ek buruturiko behin behineko azterketak hartzen ditu oinarri. Azterlan horretan, Itsasoaren Ustiapenerako Ikerketa Institutu Frantsesak (Ifremer) buruturiko PELGAS 2012 kanpaina akustikoa ere hartu da kontuan.

Kanpaina zientifiko horien aurre-emaitzek erakusten dutenez, antxoa biomasaren behin behineko aurreikuspenak 70.000 tona ingurukoak izango lirateke. Dena den, CIEM-en emaitzak ez dira finkoak oraindik, berrikuspen fasean daude.

Azkueren ustez, datu horiek kontuan izanik, 20.000 eta 23.000 tona arteko HKO-TAC-a onetsiko da, ziurrenez, kanpaina honetan Euskadiko portuetan lehorreratu diren ia 6.560 tonak baino askoz gehiago.

"Gure portuetara heldu den antxoaren batez besteko prezioa 2,22 eurokoa izan da, eta, ondorioz, lonjan egin den salmentaren prezioa 14.585.000 eurotik gorakoa izan da", adierazi du Azkuek.

Sailburuordearen iritziz, "HKO-TAC aurreikuspena oso albiste garrantzitsua da, laugarren urtez jarraian antxoa arrantzatzeko aukera egongo delako. Batzordeak horretarako epe luzeko Kudeaketa Plana ezarri beharko du".

BIOMAN 2012 kanpaina zientifikoa maiatzean garatu da, zenbait azterlan eta laginketa burutuz, populazio horrek arrautzak jartzen dituen inguru guztian. Horri esker, Bizkaiko golkoaren inguruan dagoen espeziearen arrautza kopuru osoa eta biomasa aurreikusi ahal izan da.

BIOMAN kanpainak urtebeteko adina duten antxoen erreklutamendu moderatua hauteman du -iazko kopuruen azpitik- eta Bizkaiko Golkoan duten banaketa desberdina dela ikusi da.

Antxoaren egoeraren behin betiko aurreikuspena, Itsasoaren Azterketarako Nazioarteko Kontseiluak (ICES/CIEM) egiten duen azterketa zientifikoa behin betikotzat ematen denean egingo da. Azterketa zientifiko horretan, AZTI-ren eta Ifremer-en kanpaina zientifikoen emaitzak biltzen dira, eta baita flotak lehorreraturiko antxoa harrapaketen eta adinen araberako osaketaren datuak ere.

Behin behineko lehen azterketa ekainaren 23tik 28ra burutu zen, ICES/CIEM-eko antxoa, sardina eta txitxarro stock-en Ebaluaziorako (WGHANSA) Lan Taldean, eta bertan lorturiko datuak ikusirik, behin behineko aurreikuspen sintetikoa 70.000Tn ingurukoa zen. Behin betiko aurreikuspenak aldatu egin daitezke CIEM-en barne berrikuspen prozesuan. Ziurrenez, CIEM-ek aste honetan bertan argitaratuko ditu bere ondorioak.

Datu hori baieztatzen bada, eta aurreikusitako kudeaketa araua kontuan izanik (stock-aren %30), ziurrenez 20.000 eta 23.000 tona arteko HKO-TAC-a onetsiko da datorren kanpainarako.

Azpimarratu behar da antxoa oso bizitza ziklo laburra duen espeziea dela, eta oso arraroa dela hiru urte gainditzea. Ingurumenak eta baldintza ozeanografikoek eragin handia dute espezie horren arrainkumeen hazkundean eta biziraupenean. Hori dela eta, urte honetako irailean AZTI-Tecnaliak , antxoa gazteak ebaluatzeko JUVENA kanpaina burutuko du, eta kanpaina horrek, 2013an arrantzara sartuko den erreklutamenduari buruzko informazio gehiago izango dugu.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak Itsasoko Idazkaritza Nagusira eta Arrantzale Kofradien Bizkaiko eta Gipuzkoako Federazioetara bidali ditu AZTI-ren txosten zientifikoak.

 

 

Berri honen iruzkinen RSSa

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan

Deskargak

  • Audioak
  • Bideoak
  • Argazkiak
  • PDF (1)

Politikariak

Beste gonbidatu batzuk

  • Rogelio Pozo

Sartu zure emaila

eta pasahitza berreskuratzeko jarraibideak bidaliko dizkizugu


Orain, begiratu zure emaila

Email bat bidali dizugu pasahitza berreskuratzeko jarraibideekin. Jarrai itzazu Irekian sartzeko.