
Eusko Jaurlaritzak EAJri eskatu dio "aitzakiak" uzteko eta "laguntza eskaintzeko" herriaren mesedetan
Jaurlaritzako bozeramaileak ziurtatu du, lehendakariak igorritako arlo estrategikoen dekalogoari dagokionez, oraindik ez duela EAJren erantzuna jaso
Eusko Jaurlaritzak ziurtatu du oraindik ez duela EAJren erantzunik jaso lehendakariak igorritako alorren dekalogoari dagokionez. Dekalogo horren asmoa oposizioko alderdi nagusiarekin akordio bat lortzea da, gai horiek herri honentzat izaera "estrategikoa" baitute. Jaurlaritzak berriro "eskua luzatu" dio EAJri "guztion mesedetan" akordioak lortzeko, eta horretarako, Idoia Mendia bozeramaileak, EAJri eskatu dio "aitzakiak" alde batera uzteko eta "laguntzeko" konpromisoa hartzeko.
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak berretsi egin du gobernuak "borondatea eta jarrera" dituela oposizioko alderdi nagusiarekin akordioak lortzeko, lehendakariak EAJri pasa den urtarrilaren 29an Iñigo Urkullurekin izandako bileraren ondoren igorri zizkion alorretan. Mendiak ziurtatu du oraindik ez dutela Lehendakaritzak igorritako dekalogoari buruzko erantzunik jaso, baina "etengabe" eskua luzatuta dutela, EAJrekin akordioak lortzeko. "Aitzakiak soberan daude, jakiteke dago EAJk herri osoaren mesedetan akordioak lortzeko borondatea duen ala ez", azpimarratu du Mendiak. Halaber, aurreratu du, dena dela, gobernuak berehala eztabaida bat "gidatuko" duela, etorkizuneko Euskadi eraikitzeko "ezinbestekotzat" jotzen duena.
Asteroko Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramaileak, Gobernu Kontseiluan lortutako akordioen berri eman du, besteak beste, enpresa finantziaziora zuzendutako abalen linea, 350 milioi eurokoa, enpresa egitura babesteko programetan sartzen diren 600 milioi euroekin osatzen dena.
Lehendakariak igorritako alor estrategikoen dekalogoari buruz EAJren erantzuna iristeko zain, Eusko Jaurlaritzak berretsi nahi izan dio oposizioko alderdi nagusiari elkarrizketarako eskaintza, "herriarekiko konpromisoa hartzeko eta laguntza eskaintzeko". Bozeramaileak nabarmendu du Gobernuak "ez diola EAJri eskatzen gobernua babesteko", soilik itun bat lortzeko "eskaintza zintzo" bat egin diola. "Orain arte funtsik gabeko aitzakien berri besterik ez dugu izan, jakin nahi duguna da EAJk herri osoaren mesederako diren gauzez hitz egin nahi duen ala ez", adierazi du berriro Mendiak, eta EAJri eskatu dio zehatz dezala "alderdi arduratsu bat izan nahi duen ala ez".
Eusko Jaurlaritzak "eskua luzatuta du etengabe", baina ohartarazi du, dena den, "bere erantzukizuna beteko duela eta eztabaida hau gidatuko duela". Gainera, adierazi du eztabaida hau "ezinbestekoa" dela Euskadi "solidario, iraunkor eta lehiakorra, etorkizunean beharko dena" eraikitzen hasteko.
"Arazo zaharra"
Komunikabideei erantzunez, Mendiak ezker abertzaleari ETAren indarkeria terrorista "irmo gaitzesteko" eskatu dio "sinesgarri izateko", gaur argitaratutako komunikatuaren ondoren, non "aldaketa politiko bat, indarkeriarik eta injerentziarik gabea" iragartzen den, baina ETA aipatu gabe.
Bozeramaileak gogorarazi du jada "ez duela balio soilik bide baketsu eta demokratikoekiko konpromisoak, horiek iraganean entzundako adierazpenak baitira". Horrenbestez, ezker abertzaleari eskatu dio "ETArekiko mendekotasunaren arazo zaharra konpon dezala".Jaurlaritzaren Kontseiluak dekretu bidez onartu du gaur enpresa-finantzaketarako abalen ezohiko programa. Foru-aldundiekin aurretiaz adostutako eta iazko abenduan Europako Batasunak onetsitako erabaki bat araudi bidez erregulatzeko hartu du Jaurlaritzak erabaki hori. Neurri horren lehen urratsa 2009ko ekainaren 5ean egin zen, Jaurlaritzaren Kontseiluak 50 milioi euroko abal-linea bat onartu zuenean. Gaur onartutako dekretuaren bitartez erabaki hori arautzen eta finkatzen da, abaletarako 350 euroko erreserba gehigarri bati araudi-maila emanez.
EAEko enpresa-sarearen finantzaketan laguntzeko abian jarritako laguntza-programak osatzeko xedea du neurri horrek, eta beste hainbat laguntza-lineei gehitzen zaie, esate baterako, ETEei eta autonomoei zuzendutako, elkarren bermerako sozietateek kudeatutako eta 600 milioi euroko beste aurrekontu batez zuzkitutako abalei. Jaurlaritzaren Kontseiluak gaurko bileran onartu du 1.716.972 euroko kreditu orokor bat jartzea, Indiako Ozeanoan aritzen diren atunontzi izoztaileetako eskifaia-kideen segurtasun pribatuaren finantziazioan % 25ean parte hartzeko.
Horrela, Eusko Jaurlaritzak argi berdea eman dio, ANABAC Atunontzi Izoztaileen Ontzi-jabeen Elkarte Nazionalarekin hitzarmena formalizatzeari. Indiako ozeanoan Espainiako banderarekin aritzen diren hamar atunontziak eta itsasontzi laguntzailea elkarte horretakoak dira, eta oinarrizko portua Euskal Autonomia Erkidegoan dute. Hitzarmen horren arabera, segurtasun-neurrien kostuaren ehuneko 25 ordainduko du Eusko Jaurlaritzak.
Zehazki, Eusko Jaurlaritzaren ekarpena 291.972 eurokoa izatea onartu da, 2009an ordaindu ziren babes-neurrien kostuari aurre egiteko, eta 2010erako beste 1.425.000 euro inguru beharko direla pentsatzen da.
Hitzarmen hori onartuta, ‘Alakrana' bahitu baino lehen Eusko Jaurlaritzak hartutako konpromisoa bete da: atunontzietan jarri diren segurtasun-neurrien kostuaren laurden bat ordaintzekoa.
I
Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 2010-02-16n hartutako erabakiak
Politikariak
Beste gonbidatu batzuk
- Idoia Mendia


Berri honen iruzkinen RSSa