
Espainiako Txirrindularitza Itzulian segurtasuna antolatzeko hasierako hitzarmena lortu dute Barne Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak
Guardia Zibila eta Ertzaintza elkarlanean arituko dira itzuliak EAEn egingo dituen bi etapetan. Hitzarmena berretsi behar duen Segurtasun Batzordea ostegunean bilduko da, Madrilen.
Barne Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak behin betiko akordioa lortu dute Espainiako Txirrindularitza Itzulian segurtasun plangintza antolatzeko, itzulia EAEtik igarotzeko egingo dituen bi etapetan. Lasterketan segurtasuna bermatuta egon dadin, lanak Guardia Zibilak eta Ertzaintzak beteko dituzte, elkarlanean eta koordinatuta. Ertzaintzak izango du plangintzaren agintea eta zuzendaritza EAEn egiten dituen etapetan, harik eta lasterketa bertatik atera arte.
Aginte ibilgailua EAEko poliziarena izango da, eta bertan Guardia Zibileko agente bat joango da. Bi kidegoen arteko elkarlana dagozkien uniformeekin jantzitako ordezkariek bideratuko dute, Koordinazio Zentrotik.
Oion-Arrate etapan, Ertzaintza joango da itzuliaren aurretik doan karabanarekin batera. Lasterketa hasteko unean, Ertzaintzaren ibilgailu bat egongo da bertan, eta ondoren, Guardia Zibilaren beste ibilgailu bat. Gainerako tartean, karabana bukatu arteko lanak Ertzaintzak egingo ditu. Segizio amaieran, lehenengo eta behin Guardia Zibilaren ibilgailu bat egongo da; horren atzetik, bukatzeko, Ertzaintzaren beste ibilgailu bat egongo da. Lasterketa irekitzeko eta ixteko ibilgailuetan beste kidegoko agente bana egongo da, hobeto koordinatzea bermatzeko.
Barakaldo eta Valdezcaray arteko etapan, bestalde, Ertzaintzak hartuko ditu bere gain itzuliaren aurretik joaten den karabanarekin eta pelotoiarekin batera joateko lanak, Euskal Autonomia Erkidegoko mugara arte. Lasterketa abiatzeko unean, Ertzaintzaren ibilgailu bat izango da bertan, eta haren atzetik Guardia Zibilaren beste ibilgailu bat joango da, kidego bereko bi motok babestuta. Ertzaintzak beteko ditu lasterketa ixteko lanak, eta horretarako abiatuko den ibilgailuaren aurrean Guardia Zibilaren beste ibilgailu bat joango da; azken kasu horretan ere, motoz mugituko diren bi agentek babestuta joango da. Halaber, lotura-ofiziala aipatu behar da, baita segurtasun estatikoa ere EAEz gain itzuliak bisitatuko dituen beste autonomia erkidegoetako eremuetan.
Antolamendu honi eutsiko zaio Urduñako Mendatea igo arte, eta hortik aurrera Guardia Zibilak hartuko ditu ordura arte Ertzaintzak betetako lanak, pixkanaka-pixkanaka. Itzulia Euskal Autonomia Erkidegotik ateratzen den unetik aurrera, Guardia Zibilak beteko ditu lan guztiak.
Segurtasun Batzordeak hitzarmena berretsi bezain azkar bihurtuko da akordioa behin betiko; batzordea datorren ostegunean bilduko da Madrilen, eta gai honetaz aparte, Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzorde Teknikoa berriz batzartzeko deialdia ere hizpide izango dute, Euskal Autonomia Erkidegoan polizia eskumenak banatzeko beste gai batzuei dagokienez Herrizaingo Sailak azaldutako desadostasunei buruz eztabaidatze aldera.


Berri honen iruzkinen RSSa