
Paraguayko euskal astea urrian
Urriaren 22tik 25era Paraguayko bigarren euskal astea ospatuko da Asuncionen. Jai hau Jasone euskal etxeak antolatuko du Euskadiren Mercosureko ordezkaritzaren laguntzarekin. Ekitaldien artean, "Gernikako bonbardaketa - 75. Urteurrena" erakusketa aurkezteaz gain, Estatutuaren Eguna ospatuko da.
Elvira Cortajarena delegatuak Jasone euskal etxeko arduradunekin bilera birtual bat burutu zuen pasa den astean. Bilkuran programazioaren lehen zirriborroa adostu zen euskal etxeko Hector Izaguirre lehendakari eta Arturo Sasiain lehendakariordearekin.
Erakusketa urriaren 22tik aurrera ikusgai izango da Asunciongo "Juan de Salazar" kultur etxean. Gainera, ekitaldien artean, Joseba Gotzon musikari euskaldunak kontzertu bat eskainiko du, Euskadiren eskaintza turistikoaren aurkezpen bat burutuko da sektoreko profesionalentzat eta Gernikako Estatutuaren urteurrena ospatuko da.
Bestalde, San Juan Bautista hirian, Paraguayko bigarren euskal etxearen sorrera ekitaldia burutuko da. Han izango dira, besteak beste, Elvira Cortajarena delegatua, Jasoneko arduradunak eta bertako ordezkariak.
Euskal etxe berri bat
San Juan Bautista hiriak 20.000 biztanle ditu eta Misiones departamenduan kokatuta dago, Asuncionetik 200 kilometro hegoaldera. Bertara iritsi ziren duela 90 urte Sebastian Sasiain eta Brigida Zubillaga de Sasiain euskal herritarrak. Beraiekin batera, gaur egun bertako gastronomian errotuta dauden batiburrilloa eta sirikia ekarri zituzten.
Duela gutxi, Sasiain-Zubillaga familiako ondorengoek eta San Juan Bautistako "Centro Creativo de Educación"-ek omenaldia egin zioten batiburrilo sanjuandarrari zein honen bultzatzaile Sebastian eta Ruperto Sasian Zubillagari. Bertan izan ziren Misioneseko gobernadore Arturo Martínez, , Hugo Capurro diputatua, Mario Melanio Medina apezpikua eta Jasoneko arduradun Hector Izaguirre eta Arturo Sasiain.
Hirira egindako bisitan, euskal komunitateko ordezkariek Paraguayko bigarren euskal etxea bertan sortuko dela baieztatu zuten. San Juanen euskal jatorriko jende asko dago eta berria entzun zutenetik gogoz ari dira proiektuan lanean. Aipagarria da euskal komunitatearen baitan gazte asko daudela eta hauek ere egitasmoan parte hartuko dutela.



Berri honen iruzkinen RSSa