
Portugaleteko eta Euskadiko Nazioarteko Folklore Jaialdiaren XXXVIII. Edizioan parte hartzen duten taldeak hartu ditu Lehendakariak
Portugaleteko Folklore Jaialdian parte hartzen duten taldeetako 200 kide baino gehiagoren ordezkaritza ugaria bildu da Patxi López Lehendakariarekin Ajuria Enea Jauregian, udako tradizio bihurtu den ekitaldi batean. Elai Alai taldeak orain arte eratutako jaialdiaren 38 edizioetan jarritako ahalegina eta txerazko arreta eskertu dizkio Lehendakariak; horrela bada, egun batzuez bederen, arazoak eta eguneroko kezkak albo batera uzteko aukera eskainiko die jaialdiak herritarrei, planeta guztiko herrialde eta eskualdeetako musikez, dantzez eta folkloreaz gozatzeko.
"Arazo eta estutasun sasoia bizitzen ari gara. Alta, era honetako jaialdiei esker, zuen musikarekin eta dantzekin eskaintzen dizkiguzuen poztasun eta koloreari esker, dramatikotasun handi horretatik egin dezakegu ihes, epe laburrerako bada ere, eta nergiaz bete gaitezke aurrean ditugun erronkei aurre egiteko”, adierazi du Lehendakariak, eta honez gain, “zuon onena eman dezazuen, ahalik eta altuen jo dezazuen, dakizuen era bizienean dantzatu dezazuen”, eskatu die jaialdian parte hartuko dutenei, “zuon indarra eta duzuen gogo beroaz kutsatu gaitzazuen behar baitugu”.
Portugaleteko eta Euskadiko Nazioarteko Folklore Jaialdiaren XXXVIII. Edizioa uztailaren 21etik 31ra egingo da, eta Argentina, Kurdistan, Mexiko, Siberia edo Venezuelako musika, kantu eta dantza folkloriko tradizionaleko taldeek hartuko dute parte, eta musikaz eta kolore bizitasunez beteko dituzte Portugaleteko eta Euskadiko 24 herrietako kaleak.







Berri honen iruzkinen RSSa