
Irekiak lehenengo hilabetean 30.000 bisitatik gora izan ditu
Eusko Jaurlaritzaren web orrialde berriak jada aplikatu ditu funtzionamendua hobetzeko erabiltzaileek egindako hainbat iradokizun eta kexa
Funtzionamenduaren lehenengo hilabete honetan, Irekiak 145.000 orrialdetatik nabigatu duten 30.000 bisitatik gora jaso ditu. Herritarren eta administrazioaren arteko harreman berri baten hasiera da, herritarrek beren gobernuaren kudeaketan parte hartzea eta esku hartzea sustatzen duena. Harreman berri horren emaitza 177 ekarpen edo iruzkin izan dira. Iruzkin horietako batzuei lehendakariak berak erantzun zien bideo baten bitartez, pasa den otsailaren 20an. Lehendakariaren eta herritarren arteko harreman modu berri hau iraunkorra izango da, erregularra, 15 egunean behin, gutxi gorabehera.
Irekiak, herritarren parte-hartzea hobetzeko Eusko Jaurlaritzak duen web orrialdeak, martxan daraman hilabetean 30.000 bisitatik gora jaso ditu. Orain arte, 145.000 orrialdetik gora bisitatu dira, erabiltzaile bakoitzeko ia 5 orrialde, batez beste. Lehenengo hilabete honetan, herritarrek webgunean hainbat gairi buruzko 177 iruzkin utzi dituzte. Irekian jasotako ekarpenak Irekiak berak aztertu ditu, eta kasu batzuetan, proposamen horiek onartu eta aplikatu egin ditu bere ohiko funtzionamenduan.
Irekiaren lehenengo hilabeteak eman dituen datu nagusiei dagokienez, nabarmentzekoa da bideoak 9.626 aldiz erreproduzitu direla. Gehien ikusi diren bi bideoak Irekiaren tutoriala eta aurkezpen ekitaldiaren grabazioa dira. Irekiaren bidez zuzeneko ekitaldiak eman ohi dira. Irekiaren aurkezpen ekitaldiaren streaming¬-a zuzenean 300 pertsona inguruk jarraitu zuten. Baina azken asteotan, bisitetan "gailur" garrantzitsuak erregistratu dira, Jordi Graells eta Ángel Medinilla-ren hitzaldia dela eta, pasa den otsailaren 2an eta 19an.
Irekia sare sozialetan.
Sare sozialetan, Irekiak etengabeko hazkuntza izan du. Adibide grafikoena Twitter-ek eskaintzen du; bertan, Irekiak jada 389 jarraitzaile ditu eta 39 zerrendatan sartuta dago. Azken asteotan, sare sozial honen bidez egindako iruzkinak modu esanguratsuan hazi dira (ikus erantsitako dokumentua). #irekia etiketak ehunka twitt eragin ditu eta etengabe erabiltzen da.
Gainera, hainbat erabiltzailek Irekiari planteatutako zenbait gairi erantzun zaio, kanal hau bera erabiliz.
Facebook sare sozialean, zaleen kopurua milatik gorakoa da, zehazki 1006. Aste honetan bertan 25 elkarrekintza erregistratu dira, baita hainbat ekarpen, iruzkin eta balorazio ere.
Youtube-en, non Irekiak kanal bat duen, 179 aldiz erreproduzitu dira bertan jarri diren bideoak.
Flickr-en kasuan, bisita kopuru handiena Irekiaren aurkezpen ekitaldiko argazkiek jaso dute. Guztira, 611 bisita.
Irekiak, Facebook, Youtube, Flickr eta Twitter kanalak aukeratu ditu, gehien erabiltzen eta bisitatzen direnak direlako, eta egun sare sozialetatik adierazgarrienak direlako. Horrek ez du baztertzen denborarekin beste kanal edo sare sozial batzuk erabiltzea, herritarren parte-hartzea hobetzeko balio dezaketenak.
Euskal Berritzaileen Komunitatea
Irekiak eutsi egiten dio Euskal Berritzaileen Komunitatearen parte hartzeko plataformaren alde egindako apustu ausartari; hau ere etengabeko bilakaera eta aldaketa jasaten hari da, bere ezaugarriak hobetzeko. Eusko Jaurlaritzak parte-hartzea sustatzeko plataforma hau aukeratu du, ulertzen duelako ez dela komeni administrazio batek herritarren parte-hartzea zuzentzea. Jaurlaritzak, nahiago du lehendik dauden parte hartzeko beste plataforma batzuekin batera elkarlanean aritu eta horietan parte hartu, herritarren, enpresen eta administrazioen arteko elkarlana sustatzeko. Eta kasu honetan, Euskal Berritzaileek Komunitatearen plataformaren aldeko apustua berresten du.
Etengabeko hobekuntzak
Irekiaren printzipio utziezina da sarean ematen diren behar eta aldaketetara egokitzen joatea, webgunearen funtzionamendua hobetzeko. Horrela, ez diseinua, ez egitura, ezta edukiak ere, ez dira betierekoak izango. "Arreta aktiboaren" bitartez, Jaurlaritzaren jarduerari dagokionez, herritarrekiko harremana eta hauen parte-hartzea hobetuko duten iradokizun, ekarpen eta berrikuntza guztiak jasoko dira.
Web berri hau abian jarri eta lehenengo hilabetea igaro denean, estatistika hauek argitaratuz, Irekiak web orrialde berri honen jarduera guztiak gidatzen dituen gardentasunaren printzipio utziezinari erantzuten dio. Horrela, astero, web orrialdean bertan web orrialdearen jardueran emandako datu nagusiak argitaratuko dira.


Berri honen iruzkinen RSSa