
Arte Eszenikoetako Goi Mailako ikastegi berriaren proiektua aurkezteko ekitaldia
Eszenikaren lanak 2011ko lehen hiruhilekoan abiatuko dira eta 5.800 metro koadroko azalera izango du zentroak
"Dantza eta arte eszenikoak euskal kulturaren talentuaren eta artearen adierazpen onena eta nabarmenena izango duten tokia izango da Eszenika", Celaaren esanetan.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerkuntza sailburuak Eszenika, arte dramatiko, dantza eta eszenoteknien goi-mailako zentroaren proiektua aurkeztu du gaur goizean.
Sailburuaren hitzetan, zentroa "inbertsio bat" izango da "artearen eta kulturaren irakaskuntzan, eta balio erantsi garrantzitsua izango du Bilborentzat, Bizkaiarentzat eta Euskadirentzat". Celaak adierazi duenez, kulturaren sektorea "etorkizuneko sektore ekonomiko" bat da, eta "inbertsio hau Bilbok kulturaren alorrean egindakoei batzen zaie".
Zentroak 5.800 metro koadroko azalera izango du (horietatik 4.000 metro karratu egongo dira erabilgarriak), Bilboko San Mames inguruan egongo da (EITBren egoitzaren aldamenean) eta 5 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua du. Eraikuntza lanak 2011ko lehen hiruhilekoan abiatuko dituzte. Bertan eskainiko den hezkuntzari dagokionean hiru espezialitate izango dira arte dramatikoaren alorrean: zuzendaritza eszenikoa eta dramaturgia, eszenografia, eta antzezpena. Gainera, dantza ikasketak egiteko aukera ere izango da. Hain zuzen ere, pedagogian, interpretazioan eta koreografian espezializatzeko aukera izango dute dantza aukeratzen dutenak. Azkenik, eszena teknikarien titulazio bat ere eskainiko da, goi-mailako ziklo bat. Hainbat urtetan aktoreek, idazleek, koreografoek, dantzariek eta artistek egindako eskaerari erantzuna emango dio Eszenikak, ikasketa artistikoen goi-mailako zentroak.
Hezkuntza sailburuaren hitzetan, Eszenika "bikaintasunezko zentro eleaniztuna" izango da, eta "Euskadi osoan" izango du proiekzioa. Gainera, Euskadiko goi-mailako irakaskuntzen mapa osatuko da, proiektu honi eta Donostiako Musikene zentroari esker.
"Dantza eta arte eszenikoak euskal kulturaren talentuaren eta artearen adierazpen onena eta nabarmenena izango duten tokia izango da Eszenika", Celaak esandakoaren arabera, eta, gaineratu duenez, zentroa "tradizio lokal jatorrena modernitate kosmopolitenarekin uztartuko duen laborategi" bilakatu behar da.
Deskargak
Politikariak
Beste gonbidatu batzuk
- Hezkuntza sailburua






Berri honen iruzkinen RSSa