
Lehendakariak bere gain hartu du Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea “suspertzeko erronka”, ekonomia eta gizarte eragileen “topaleku” izan dadin
Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak 25 urte bete ditu eta, gaur, egoitza berria inauguratu du Bilbon
Eusko Jaurlaritza "gogoeta" egiten ari da arauetan zenbait aldaketa sartzeko eta, horrela, beharrezkoa den erakunde honek eraginkortasun osoz lan egin dezan.
Patxi López lehendakariak berretsi egin zuen Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea (EGAB) erakunde "dinamikoa", "lehiakorra" eta "independentea" izateko egin duen apustua. Eragile ekonomiko eta sozialak bildu nahi ditu bertan lehendakariak, horrela, Gobernu honen politikak "behatzeko, eztabaidatzeko eta argitzeko" balio dezan. "Erronka" bat da; horrela definitu zuen Lópezek EGABen egoitza berriaren inaugurazioan egindako hitzaldian, eta funtzionamenduan zenbait aldaketa behar dituela adierazi zuen. Lehendakariak, "behar-beharrezkotzat" jo zuen EGAB izatea, betebehar garrantzitsua baitu, izan ere, "Gobernuaren eta Legebiltzarraren ekintzak gidatzen ditu ekonomia eta gizarte alorrean, gure akatsen gainean ohartaraziz eta hartu beharreko bidea erakutsiz".
Lópezek onartu egin zuen erakunde honek batzuetan "ez duela behar bezala funtzionatu; besteak beste, betoak, akordio faltak, informazio falta eta administrazioen interes falta izan direla" adierazi zuen, baina Eusko Jaurlaritzak lan egingo duela nabarmendu zuen erakunde hau "edukiz eta eraginkortasunez betetzeko eta, horrela, benetako erakunde aholku-emaile bihurtzeko".
Hori lortzeko, autonomia-erkidegoko gobernua "gogoeta" prozesu luze batean sartu da, EGABeko kideekin batera, esku artean duguna ebaluatu, akatsak diagnostikatu eta arauetan behar diren aldaketak egiteko, beharrezko erakunde horren eraginkortasuna osoa izan dadin", azaldu zuen Lópezek. "Azpimarratu nahi dut nik zuzentzen dudan gobernu honek uste irmoa duela Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen aukera eta ahaletan", erantsi zuen.
Norberaren burua baztertzea
Lópezek goratu egin zituen EGABek bere sorreratik izan dituen ezaugarriak, "akordioa eta elkar ulertzea, euskal gizarteak hain berezko dituenak"; horrexegatik berretsi zuen "eskua luzaturik" duela, beren burua organo horretatik kanpo utzi dutenek beren jarrerari buruz gogoeta egin eta jokalekura itzul daitezen. "Guztien beharra dugu administrazioak ez daitezen herritarren eskaeretatik gehiegi urrundu", erantsi zuen.
Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak Bilbon duen egoitza berria erakunde hori sortu zeneko 25. urteurrenean inauguratu da. Hori dela eta, lehendakariak esker ona agertu zien erakunde horrek mende laurden honetan izan dituen lau lehendakariei, eta ohorea aitortu: Javier Mongelos jaunari, Rafael Puntonet jaunari, Antxon Lafont jaunari eta José Luis Ruiz jaunari. "Esker ona agertu nahi diet egokitu zitzaizkien egoera zail haietan egindako lanagatik".
Politikariak
Beste gonbidatu batzuk
- Lehendakari


Berri honen iruzkinen RSSa