Sartu Irekiara

Pasahitza ahaztu zaizu? Berreskuratu hemen

Bi astez gogora nazazu

Eu
2009(e)ko Urriak 13 0

Lehendakariak egindako kudeaketa “egokien” ondoren, Eusko Jaurlaritzak "interes handiarekin” jarraituko du kontzertu ekonomikoaren “blindajeari” buruzko debatea

Ekonomia eta Ogasuneko sailburu Carlos Aguirrek bertatik bertara jarraituko du Diputatuen Kongresuko debatea.

Jaurlaritzaren bozeramaile Idoia Mendiak berriro adierazi du lehendakaria "kezkatuta" dagoela, eta "Alakrana" ontziko arrantzaleak Euskadira "lehenbailehen" itzul daitezen lortu behar dela.


Diputatuen Kongresuan gaur arratsaldean eztabaidatuko dute Eusko Legebiltzarrak onartutako lege-proposamena kontuan hartzen duten ala ez. Lege-proposamen horren arabera, Auzitegi Konstituzionalean soilik aurkeztu ahalko dira kontzertu ekonomikoaren aurkako errekurtsoak. Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Idoia Mendiak adierazi du, Patxi López lehendakariak aurrera eraman dituen kudeaketa "egoki"en ondoren, aurrerapausoa dela gaurko eztabaida. Kudeaketa horiei esker, hain zuzen, Diputatuen Kongresuak berretsi egingo du Eusko Legebiltzarrean onartutako ekimena.
Gasteizko Gobernuak "interes handiarekin" jarraituko ditu debatearen nondik norakoak, eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburu Carlos Aguirre han izango da. Mendiak, Gobernu Kontseiluaren asteroko bileraren osteko prentsaurrekoan, esan du Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarraren ekimena aldezten duela, eta Euskadiko alderdi politiko guztiek "bat eginik" babestuko dutela lege-proposamena. Horixe da, haren iritziz, Euskadiren interesak "arrakasta osoz gauzatu ahal izateko bermerik onena".

"Alakrana" ontziaren bahiketa

Bermeoko "Alakrana" atun-ontziaren bahiketaz ere jardun dira Gobernu Kontseiluko kideak. Jaurlaritzako bozeramaileak nabarmendu du Patxi López lehendakaria eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburu Pilar Unzalu "etengabe daudela harremanetan" arrantzaleen senideekin eta Espainiako agintariekin. Idoia Mendiak gehitu du azken horiek "kudeaketa politiko eta diplomatikoak bizkortzen ari direla", Euskadiko "Alakrana" atun-ontziko arrantzaleak lehenbailehen aska ditzaten lortzeko. Bozeramaileak errepikatu du egoitza Bermeon (Bizkaia) duen atun-ontziko arrantzaleak askatzea Eusko Jaurlaritzaren eta Gobernu Zentralaren "lehentasuna" dela. Halaber, esan du arrantzaleak "ongi daudela" eta Eusko Jaurlaritza "kezkatuta" dagoela. Izan ere, bahiketa "lehenbailehen" amaitu eta arrantzaleak Euskadira itzul daitezen lortu behar da.

Gobernu Kontseiluaren erabakiakJaurlaritzaren Kontseiluak lankidetzarako bi hitzarmen sinatzeko baimena eman du, bata Araba eta Bizkaiko foru aldundiekin eta bestea EUDEL - Euskadiko Udalen Elkartearekin, hain zuzen ere, Lurraldeko Telebista Digitalaren (LTD) estaldura hedatzeko.

LTDaren estatu mailako Plan Teknikoak faseen araberako hedapena ezarri du. Estalduraren hedapena urriaren 31rako aurreikusita dago Arabako lurralde osorako, Aiaraldea eta Aramaiona salbu. Bizkaian, Ubidea eta Otxandioko udalerrietatik hasiko da (urriaren 31n) eta lurraldearen gainerako herrietara hedatuko da, Bilbao salbu, abenduaren 31rako. Azkenik, Bizkaiko hiriburura 2010eko apirilaren 3a baino lehen helduko da.

Hitzarmenak ezartzen duenez, Eusko Jaurlaritza izango da, ITELAZPI baltzu publikoaren bitartez, Euskadin LTDaren hedapenaren plangintza gauzatuko duena. Beharrezkoak diren inbertsioak foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak finantzatuko dituzte, lehenengoek %25 eta bigarrenak gainontzeko %75. Inbertsioaren kostu osoa Araban 2,6 milioi eurokoa da eta Bizkaian 3,6 milioikoa.

Hitzarmen hauek, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin dagoeneko sinatuta dagoenarekin batera, helburu bakarra dute, alegia, euskal herritar guztiek LTDaren eskaintza berria eskuragarri edukitzea, bizi diren herria zein den kontuan hartu gabe.

LTD berriak espektro erradioelektrikoa hobeto aprobetxatzea ahalbidetzen du eta, horrek, telebista-eskaintza handiagoa, seinalearen kalitate hobea eta elkarreraginerako aukera dakar.

Gobernu Kontseiluak onartu du udal euskaltegiek edo haien mendeko entitateek, udal titularitatea duten euskaltegi publikoek, 2009-2010 ikasturterako diru-laguntzak jasotzeko bete behar dituzten baldintzak arautzen dituen Kulturako sailburuaren Agindua.

Orain arte, udal euskaltegien finantzaketa HABEk eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bideratutako toki-entitateetako euskara-planen bidez (PINBE) egiten zen, baina aurrerantzean sistema aldatu egingo da, HABEk egingo baitu 39 udal horientzako deialdi ofiziala. Datorren 2009-2010 ikasturterako 12.603.700 euro aurreikusten dira.

Eredu berria Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Euskadiko Udalen Elkartea-EUDELek sinatu duten hitzarmen baten ondorioz etorri da. Helburu nagusia izango da finantzaketa aldetik udal euskaltegi bakoitzean dagoen euskarazko eskolen eskari errealari erantzutea. Horretarako, alde bakoitzaren egitekoa honako hau izango da: Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta HABEk: euskaltegietako langileen soldaten kostua finantzatuko dute. Finantzaketa hori HABEren deialdi baten bitartez gauzatuko da, orain arte ez bezala alegia. Gainera, udal euskaltegietan dituzten matrikula-sarrerengatik aplikatzen zen kenketa ezabatu egingo da.

EUDELek: konpromisoa hartuko du udalek beren udal euskaltegietako giza baliabideak euskara-eskolen eskarietara egokitu ditzaten eta eskari eta eskaintzaren arteko doikuntza egiteko. Egokitzapen horretarako, gehienera ere, 5 ikasturteko epea izango du euskaltegi bakoitzak, oraingo 2009-2010 ikasturtean hasita

 

Berri honen iruzkinen RSSa

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan

Politikariak

Beste gonbidatu batzuk

  • Idoia Mendia, bozeramailea

Sartu zure emaila

eta pasahitza berreskuratzeko jarraibideak bidaliko dizkizugu


Orain, begiratu zure emaila

Email bat bidali dizugu pasahitza berreskuratzeko jarraibideekin. Jarrai itzazu Irekian sartzeko.