
Eusko Jaurlaritzak kontratatutako enpresen fakturazio datuak ezagutzera emango dira
Eusko Jaurlaritzak beste pauso bat eman du “gardentasuna” lortzeko, eta Kontratatzailearen Profilean administrazioko kontratazioari buruzko informazio guztia argitaratuko du
Gardentasuna, konkurrentzia eta lehiakortasuna. Hiru hitz horiek Eusko Jaurlaritzak azken 8 hilabeteetan garatu duen aplikazio informatiko berriaren espiritua laburbiltzen dute. Tresna berri horren bidez, edozein herritarrek Interneten bidez Jaurlaritzaren lizitazio-iragarkiak, kontratazio-pleguak eta esleipenak kontsultatu ahalko ditu. Carlos Aguirre Ekonomia eta Ogasun sailburuak “Eusko Jaurlaritzak gardena izateko asmo argia duela” eta enpresen lehiakortasuna hobetu nahi duela azpimarratu du, eta horri esker, enpresen zama administratiboak murriztu eta erraztuko dira (Espainian 45.000 milioi euroko gastua eragiten dute). Jaurlaritzak datorren urtean enpresentzako diru-laguntza guztiak telematikoki izapidetu ahal izatearen alde egiten du apustu. 2010eko lehenengo 6 hilabeteetan dagoeneko 17 milioi euro mugitu dira Jaurlaritzaren ordainketa-pasabidearen bitartez.
Eusko Jaurlaritzak beste bultzada bat eman dio bere politika guztietan aplikatzen ari den gardentasun filosofiari. Orain, konpromiso hori web aplikazio bihurtu da, Kontratatzailearen Profila, alegia, eta bertan, Jaurlaritzak administrazioko kontratazioarekin lotutako datuak ezagutzera emango ditu. Lizitazio-iragarkiak, kontratazio-pleguak eta esleipenak jendaurrean jarriko dira aurrerantzean eta hori bereziki interesgarria da enpresa lizitatzaileentzat. Carlos Aguirre Ekonomia eta Ogasun sailburuak Eusko Jaurlaritzak bere ekintza guztietan gardena izateko “asmo argia” duela azpimarratu du, eta horri esker, “edozein herritarrek ikusi ahalko ditu edozein enpresaren fakturazio datuak Gobernuaren bidez”, eta horrela “gardentasun maila gorena” lortzea espero da.
Carlos Aguirre Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak prentsaurrekoan aurkeztu du Ekonomia eta Ogasun Saileko Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzak garatu duen kontratugilearen profil berria.
Kontratugilearen profila administrazioaren web gunean dago, eta administrazio-kontratazioari buruzko informazioa argitaratzen da bertan. Informazio hori, hain zuzen ere, lizitazioari buruzko iragarkiek, kontratazioaren baldintza-agiriek eta behin-behineko adjudikazioek osatzen dute. Datu horiek sarrera erraz baten bitartez ipintzen dira interesdunen esku, batez ere enpresa lizitatzaileen esku, kontratu-jarduera gardena dela ziurtatzeko.
Jaurlaritzaren kontratugilearen profil berria azken zortzi hilabeteetan garatu da eta, horrela, Eusko Legebiltzarraren agindua bete da. Izan ere, Legebiltzarrak agindeia egin zien Jaurlaritzari, aldundiei, udalei eta erakunde publikoei euren web guneetan profil hori sartzeko, kontratazioari buruzko informazioaren gardentasuna, publizitatea eta sarbidea handitzearren. Agindu horrekin, halaber, euskal kontratazio publikoaren profil guztiak kudeatuko lituzkeen plataforma bakarra garatzeko gomendatu zen.
Kontratugilearen profil berria egiteko fasean harreman teknikoak ezarri eta informazio-trukeak egin dira enpresaburuekin, aldundiekin, hainbat udaletako ordezkariekin eta EUDELekin. Tresna hau garatzeko 205.000 euroko inbertsioa egin da. EJIE elkarte publikoak eta Jaurlaritzako Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzak lagundu dute profila diseinatzen, eta 8 hilabete behar izan dira tresna garatzeko.
Sistema honek aukera emango die eskatzen duten administrazio eta enpresa publikoei, eskuz edo euren aplikazioen bitartez, sektore publikoko kontratuei buruzko legeak eskatzen duen informazioa argitaratzeko. Kontratugilearen profilaren erabilera eta beste tresna batzuen erabilera hedatzearen bitartez (esaterako kontratisten erregistro ofiziala eta lizitazio elektronikoa Euskadiko kontratazio publikoaren espezialitate-arloan), euskal aginte adjudikaziodun guztiek eta kontratistek administrazio elektronikoaren ekintza berean hartzen dute parte. Horrenbestez, nabarmen aurreztuko dira prozesuak, modernizatu egingo dira, eta herritarrak eta interesdunak errazago iritsiko dira administrazioarengana.
Kontratugilearen profil berri honen berritasun garrantzitsuenen artean, nabarmentzekoa da hedapen publikoaren hasiera-unea zalantzarik gabe egiaztatuko duen gailua, denboraren zigilua ipiniko duena. Espediente bati lotuko zaizkion enpresek mezu elektroniko bana jasoko dute espedientea profilean aldatzen den bakoitzean eta, era berean, argitaratutako informazioaren bertsio guztiak erkatzeko aukera egongo da; halaber, egin diren argitalpen guztiak azaltzen dituen trazabilitate-fitxategi bat ere egongo da, ziurtasun handiagoa emango diela enpresei.
Jaurlaritzaren kontratazio-datuak ere eskura ipini dira, Open Data Euskadi atarian. Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu du dituen datu publikoak berriro erabiltzeko moduan azaltzeko eta, horrela, beste batzuek datu horietatik eratorritako zerbitzuak sortu ahal izateko. Bada, konpromiso horren emaitza da atari hau.
Laburbilduz, kontratugilearen profil berriaren bitartez, lehia handiagoa egongo da kontratazio publikoetarako sarreretan, gardenagoa izango da prozesua, eta prezio hobeak eskuratuko dira adjudikazioetan. Egin berri diren kontratazioetan argi ikusi da prozesua nabarmen murriztu dela, kontratatutako zerbitzuen kalitatea murriztu gabe.
Deskargak
Politikariak
Beste gonbidatu batzuk
- Carlos Aguirre


Berri honen iruzkinen RSSa