Berriak Lehendakaritza
Eu

Euskadik eta Galiziak lankidetza hitzarmena sinatuko dute 2011n

2010.eko Azaroak 03

Lehendakaria bisitan joan da Galiziara, Xacobeo 2010eko Euskadiren Egunaren harira

Patxi López lehendakaria Galiziako Xuntako presidente Alberto Núñez Feijóorekin elkartu da gaur goizean, Xacobeo 2010eko Euskadiren Egunaren harira. Bilera Raxoiko jauretxean egin dute, Santiagoko katedralaren ondoan, eta bi erkidegoek zein harreman onak dituzten eta zenbat interes partekatzen dituzten agerian uzteko balio izan du. Ildo horretatik, 2011. urte hasieran, Euskadik eta Galiziak lankidetza hitzarmena egingo dute, "lankidetza esparruak, partekatutako bultzada eta elkarrekin egin nahi dugun lana zehazteko", lehendakariak adierazi duenez. Lehendakariak azaldutakoaren arabera, EBren 2013-2020 aurrekontuei begira Atlantiko Arkuko Ardatza suspertzeko, arrantza sektorea elkarrekin babesteko eta Donejakue Bidean Iparraldeko Bidea alternatiba turistiko gisa sustatzeko ari dira lanean. "Bisita honek agerian utzi nahi du Euskadik eta Galiziak gauza asko partekatzen dituztela, gauza asko dituztela elkarri esateko eta lotura asko dituztela", gaineratu du.

Euskadik eta Galiziak datozen urteetan, bi erkidegoek interes komunak dituzten arlo ugarietan, garatuko dituzten «lankidetza, bultzada partekatu eta lan komunerako guneak» finkatuko dituzte, lankidetza protokolo batean. Hala, 2011ren hasieran, protokolo horretan bi gobernu autonomoetako taldeak egiten ari diren lana finkatuko dute. Lan hori Xuntako presidente Alberto Núñez Feixóok joan den udan Euskadi bisitatu zuenean abiatu zuten eta lehendakariak Galiziara egindako bisita ofizialarekin jarraitu dute. «Bisita honek esan nahi du Euskadik eta Galiziak gauza asko partekatzen dituztela, gauza asko dituztela elkarri kontatzeko eta lotura asko dituztela», gaineratu du Lópezek.

Gaur, Galizian Euskadiren Eguna ospatzen ari dira, 2010eko Xacobeoko kultur ekitaldien barruan. Hori dela eta, Patxi López lehendakaria Santiagora joan da, Euskadiko eta Galiziako kulturak dantzaren eta folklorearen bidez batu dituzten ekitaldi horietan parte hartzeko.

Raxoi jauretxean egin duten bileraren ondoren bi buruzagiek batera eman duten prentsaurrekoan, lehendakariak erkidegoen arteko lankidetzaren garrantzia nabarmendu du. «Gure bizilagunei bizkarra ematetik Nafarroarekin, Asturiasekin, Kantabriarekin eta Akitaniarekin lau elkarlan hitzarmen sinatzera pasatu gara; izan ere, erantzun partekatuak behar dituzten arazo eta helburu komunak dauzkagu», esan du.  Galiziaren eta Euskadiren kasuan gauza bera gertatzen da. «Gauza asko partekatzen dituzte, gauza asko dituzte elkarri kontatzeko eta lotura asko dituzte», adierazi du lehendakariak.

Auzi komunen zerrenda horretan, Atlantikoko Arkuko Ardatza «berrindartzea» dago, Europar Batasunak 2013-2020ko aurrekontuetan barne hartuko dituen eskualdeko inbertsioei begira; bi erkidegoetako arrantza-ontzidien interesen defentsa «bateratua» eta, Donejakue Bideko ibilbide ezagunagoaren alternatiba turistiko gisa, Iparraldeko Bidearen aldeko apustua egitea.

Gogoetak

Kazetariek egindako galderei erantzunez, lehendakariak «irmotasun demokratikoari» eta «zero tolerantziari» eustearen aldeko jarrera berretsi du, estrategia politiko horrek eragin baitu ETA gaur egungo «ahultasun» egoeran egotea.   Zentzu horretan, bere gobernuaren terrorismoaren aurkako politika ez duela batere aldatuko adierazi du, baita ezker abertzaleak pauso jakin batzuk eman behar dituela ere.  «Gaur ETAk indarkeriaren bidez bere helburu bakar bat ere ez duela lortuko baldin badaki, gaur Batasunaren mundu horretan zerbait mugitzen ari dela esan badezakegu, politika horri esker da», nabarmendu du.

Lehendakariak esan duenez, «gobernu batek ez du ETAren etorkizunaren inguruko fikziozko politikari buruzko burutapenik zuzendu behar»; aldiz, «oinak lurrean eduki behar ditu, une bakoitzean egin beharrekoa egin behar du eta, une honetan, irmotasun demokratikoari eta indarkeriaren onarpenarekiko zero tolerantziari eutsi behar zaiela esan nahi du». Eta, edozein kasutan, Lópezek adierazi duenez, «beraiek mugitu beharko dute».  «Auzi honetan ez naiz alderdien arteko enfrentamendu jokoetan arituko, bat eginda egon behar baitugu», esan du eta euskal alderdiek ETAren azken komunikatuekiko izan duten erreakzio bateratuagatik poza adierazi du.

Autonomien egoera

Bestetik, lehendakaria PSdeGko idazkari nagusiarekin, Manuel Vázquezekin bildu da, eta, esan duenez, gobernu zentrala zailtasunak «gainditzen» ari da eta «pultsua berreskuratzen hasi da».  Ildo horretan, lehendakariak Zapaterok egindako gobernu aldaketaren norabidea ulertzen du; izan ere, «eremu publikoko esku-hartzea behar dutenen gizarte babesa indartu eta hobetu» nahi ditu eta, lurralde bakoitzaren «berezitasuna» defendatu, «Espainiaren interes komuna» helburu izanda. Lópezek autonomien estatua zein ongizatearen estatua «desegiteko» PPren estrategia salatu du, eta PSOE asmo horien parez pare kokatu du; «hemen liderrak eta proiektua ditugu», ziurtatu du. Bere mintzaldian, Lópezek bere gobernuak Euskadin gauza garrantzitsuez hitz egitea lortu duela nabarmendu du, adibidez osasuna edo ekonomia. Hori dela eta, Euskadi «espainiar politikako oasia» dela ziurtatu du.

Bere gobernua Eusko Jaurlaritzaren lau jarduera ardatz nagusietan egoera bideratzea lortzen ari dela ere nabarmendu du lehendakariak: terrorismoaren aurkako borroka, krisiaren aurkako borroka, Gernikako Estatua indartzea eta «euskal bizitza politikoaren normalizazioa».

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabide jeitsierak
Ekitaldirako bertaratuak goi kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria