Eu

Berotegi efektuko gasen isurpenak %10 gutxitu ziren Euskadin 2009an

2010.eko Abenduak 30

Berotegi efektuko gasen isurketak % 10 gutxitu dira 2009an EAEn, aurreko urtearekin alderatuta. Balio absolutuetan, 22,6 milioi tona izan dira 2009an eta 25,2 milioi tona 2008an.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak argitaratutako «Euskal Autonomia Erkidegoko Berotegi Efektuko Gasen Inbentarioa 2009» txostenaren arabera, gaur egungo egoera ekonomikoa eta CO2 isurketak Barne Produktu Gordina baino gehiago jaitsi izana -% 10 lehenengoa eta % 4 bigarrena- kontuan hartuta ere, bere horretan da 2002an hasitako joera; alegia, ondasun eta zerbitzuen ekoizpenaren eta berotegi efektuko gasen isurketaren ekoizpenaren arteko desakoplamendua. Hau da, CO2 gutxiago isurtzen da ondasun eta zerbitzu ekoizpen unitateko.

2008-2012 aldirako Klima Aldaketaren Aurkako Euskal Planean Eusko Jaurlaritzak finkatu dituen helburuei dagokienez, oinarri-urteko (1990) isurketen aldean + % 6ean gaude orain. Horrek esan nahi du aipatutako planean helburu gisa finkatu ziren gehieneko isurketen (+ % 14) azpitik dagoela Euskadi.

Industria sektoreka aztertuta, energiaren sektoreak Euskal Autonomia Erkidegoaren isurketen % 40 biltzen du, hala bertako instalazioena nola sistema elektrikoko beste instalazio batzuetatik datorren zati proportzionalarena.

Sektore honetan isurketak gutxitu egin dira aurreko ekitaldiaren aldean, hala ekoizpen elektrikoaren isurketa espezifikoen hobekuntzagatik nola elektrizitatearen eskaeraren murrizketagatik, kontsumo gutxiago -industriaren sektorekoa eta garraiokoa, batez ere- dagoelako, batez ere.

1990ari dagokionez, energia sektorearen isurketak % 15 igo dira. Bilakaera bi faktorek eragin dute: ekoizpen elektrikoaren isurketak etengabe jaitsi dira, baina kontsumoa ere etengabe igo da 1990etik 2007ra. Hau da, 1990etik ekoizpen teknologia hobetzen joan da (eta gero eta gutxiago isurtzen du), baina, ordea, per capita kontsumoa proportzio handiagoan ari da hazten.
Garraioaren sektoreari Euskal Autonomia Erkidegoaren isurketen % 23 dagokio. Sektore horretako isurketen % 96 inguru errepide bidezko garraioarekin lotuta dago. Ibilgailuek % 60 inguru sortzen dute eta gainerako ia % 40a salgaien garraioak. Bigarren urtez jarraian, isurketek behera egin dute aurreko urtearekin alderatuta.

1990. urtearekin alderatuta, salgaien garraioari lotutako isurketak eta bidaiarien garraioari loturikoak bikoiztu egin dira. Hazkunde handiena ibilgailu partikularrek eragindako isurketetan eta ibilgailu arinetan eginiko salgaien garraioan gertatu da.

Garraioaren kasuan ere, aurrerapen teknologikoei esker gero eta erregai gutxiago kontsumitzen duten eta isurpen gutxiago sortzen duten ibilgailuak agertu dira, baina errepideko garraioa igo egin da urtetik urtera, batez ere ibilgailu pribatuarekin lotutakoa.


Sektore industrialari Euskal Autonomia Erkidegoaren isurpenen % 22 dagokio; baina kontsumitzen duen energiarekin lotutako isurketak kontuan hartzen baditugu -isurketa zuzenak-, portzentaje hori % 37ra igoko litzateke.

1990. urtearekin alderatuta, zuzeneko isurketak % 35 jaitsi dira. Hori sektorean gertatu den eraldaketaren eta aldaketa teknologikoaren erakusle da. Isurketa gehien sortzen duten azpisektoreak siderurgia, zementua, pasta eta papera dira.

Etxebizitzen eta zerbitzuen sektoreak Euskal Autonomia Erkidegoko berotegi efektuko gasen % 6 isurtzen du. Kontuan hartzen baditugu kontsumitzen duen energiarekin lotutako isurpenak -zeharkako isurketak-, portzentaje hori % 16raino igotzen da. Etxebizitza sektoreak % 38 areagotu ditu isuriak 1990etik; zerbitzu sektoreak, berriz, % 83.

Nekazaritzako sektorean BEGen isurketak % 0,17 igo dira 2008aren aldean, erregai gehiago kontsumitu direlako batez ere. Sektore horretakoak ziren EAEko isurketa guztien % 4; hau da, 0,8 Mt CO2 baliokide. 1990. urtearekin alderatuta, % 29 egin zuten behera isurketek.
 
Euskadiko 2009ko Ingurumen Profila

Bestalde, Pilar Unzaluk zuzentzen duen Sailak Euskadiren Ingurumen Profila 2009 izeneko diagnostikoa argitaratu du; Euskal Autonomia Erkidegoaren II. Ingurumen Esparru Programaren segimendurako tresna da, eta bi helburu ditu: batetik, hartutako ingurumen konpromisoak betetzeko prozesuan egindako aurrerapenak ebaluatzea, eta bestetik, 2009an zehar ingurumenak izandako bilakaeraren berri ematea gizarteari.

Dokumentu horretan jasotako ingurumen adierazleek erakutsitako emaitzen arabera, egiaztatu da Euskal Autonomia Erkidegoaren ingurumena suspertu egin dela. Zenbait alderdik aurrerapen positiboak izan dituzte 2009an zehar, hala nola uraren eta haizearen kalitatea, kutsatutako lurzoruen prebentzioa eta lehengoratzea, hondakinen murrizketa, lurraldearen erabilera orekatua, berotegi efektuko gasen murrizketa edo klima aldaketarako egokitzapena.

Egungo mugikortasun ereduak eta baliabide naturalen kontsumoa dira joera negatiboak izan dituzten ingurumen alderdiak, eta biodibertsitateari eustea, berriz, bere horretan mantentzen da.


III. Ingurumen Esparru Programa

Gaur egun, Pilar Unzaluk zuzentzen duen Saila lanean ari da III. Euskadiko Esparru Programa (IEP) osatzen. Programak EAEko ingurumen lehentasunak definituko ditu datozen lau urteetarako, Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako EcoEuskadi 2020 Garapen Iraunkorreko Estrategiaren esparruan.

Europar Batasunaren planteamenduekin bat, hirugarren IEPan adierazleak sinplifikatu eta bostera murriztuko dira helburu estrategikoak; honako hauek izango dira:

  • Berotegi efektuko gasen isurketak arintzea eta klima aldaketaren ondorioak minimizatzea EAEn.
  • Dibertsitate biologikoaren galera etetea eta ekosistemak leheneratzea.
  • Hondakinak sortzea prebenitzea eta haien balioztapena sustatzea.
  • Ingurune garbi eta osasuntsua lortzea.
  • Lurzoruaren artifizialtzea mugatzea eta haren berrerabilpena sustatzea.


Lehen hiruhilekoan zehar, Eusko Jaurlaritzak lanean jarraituko du erakundeekin, unibertsitatearekin eta enpresaburuekin hirugarren IEP honen jardun ildoetan sakontzeko. Interneten ere (www.irekia.net eta www.ingurumena.net) Programa honen osaketari buruzko informazio eta parte-hartze guneak daude erabilgarri.
 

Informazio gehiagorako: http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.net/r49-579/eu/ eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza saileko prentsa burua, Jon Uranga, medio (Telefonoa: 945 019 634. e-maila: j-uranga@ej-gv.es)

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan