
Lanbidek 70,5 milioi euroko hasierako kontu-saila bideratuko du enplegua aktibatzera
- Ezgaitasunen bat duten pertsonen enplegua sustatzeko eta babesteko laguntzena izango da lehentasunezko esparruetako bat, 37 milioi euroko zuzkidurarekin.
- Enplegurako lanbide-heziketako programek 30 milioi euroko laguntzak izango dituzte.
- Kontseilua hainbatetan bilduko da otsailean eta martxoan, 2010ean erreferentzia izan diren programekin jarraitzeko.
Orain gutxi eratu den Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 70,5 milioi euroko lehen kontu‑saila onartu du enpleguko politika aktiboko programetarako. Zenbateko hori 2011n politika aktiboetara bideratuko den guztizko aurrekontuaren herena da gutxi gorabehera, eta horiek osatutakoa da Lanbideren ardatz nagusia.
Onartutako laguntzak jarduteko hiru ildoren ingurukoak izango dira: ezgaitasunen bat duten langileen lan-munduratzea, enplegurako lanbide‑heziketa eta enpresa-ekimena eta enplegua sortzen duen jarduera ekonomikoa sustatzea.
Zuzkidura handiena izango duen kontu-saila ezgaitasunen bat duten pertsonen lan-munduratzea sustatzera bideratutakoa izango da, hori baita Lanbideren lehentasunezko taldeetako bat, gizartean baztertzeko duten arriskua dela eta. Guztizko aurrekontu-zuzkidura 37 milioi eurokoa izango da.
Lanbidek 33 milioi euro bideratuko ditu ezgaitasuna duten langabeak kontratatzea ekarriko duten proiektuetara, baita egun EAEko enplegu-zentro berezietan dauden lanpostuak mantentzera ere. EAEn enplegu-zentro berezien sarea osatzen duten 103 enpresek 6.300 langile ezgaitu baino gehiagori ematen diete lana hilean eta eredugarria da Estatuaren mailan.
Ildo honekin jarraituz Lanbidek 2 milioi euroko aurrekontua bideratuko du enplegu-zentro berezi horiek Lanbide Jarduera Laguntzeko Unitateetaz hornitzeko. Unitate hauek talde multiprofesionalek osatuko dituzte eta ezgaitasun handia duten langileei lan-munduratzeko dituzten oztopoak gainditzen laguntzea izango dute helburu, bai laneratze unean zein lortutako lanpostua gordetzean. Laguntza hauek 2.500 pertsona baino gehiagoren lanbide‑garapenean lagunduko dute, bestela lan-munduan nekez sartuko liratekeen eta EAEko 37 zentrotan lan egiten duten pertsonen artean.
Ahalmen urritasun intelektuala eta buru nahasmendua duten langileen laneratze maila altua da EAEn eta enplegu-zentro berezien lanpostuen ia %50a betetzen dute. Zentro hauek Lanbide Jarduera Laguntzeko Unitateetaz hornitzea ezinbestekoa da langile kolektibo honi arreta pertsonalizatua eskaintzeko, lanpostuetara egokitzeko behar dituzten lanbide-gaitasunez jabetzeko eta baita enplegu egonkor eta kalitatekoetara iristeko ere. Horrez gain, 2 milioi euroko dirulaguntza sorta berezia izango da ahalmen urritasuna duten langileen mugarik gabeko kontratazioa bultzatzeko.
Kontu-sailik handiena enplegurako lanbide-heziketara bideratutakoa izango da, eta 30 milioi euro jasoko ditu. Zenbateko hau urtean zehar handituz joango da langabezian dauden pertsonen heziketaren beharrizanei eta enpresen lehiakortasunari egokitzeko. Helburua langabeen lanbide-profila hobetzea izango da, eta hori lan-merkatuko premietara egokitzea, kontratazioa ahalbidetzeko. EAEn langabezian dauden 8.000-10.000 langile izango dira kontu-sail honen onuradun.
Horretaz gain, 2,5 milioi euro bideratuko dira lana eta familia bateragarri egiteko arrazoiak direla eta langileak ordezkatzeko laguntzetara. Bi esparru horiek bateragarri egitea da Enplegua eta Gizarte Gaietako Sailaren eta Lanbideren helburuetako bat. Aurreikuspenen arabera, programa honi esker euskal enpresen 2.100 eskari baino gehiagori erantzungo zaie, lana eta familia bateragarri egiteko murrizketetatik edo liberazioetatik eratorritako kontratazioetan laguntzeko.
Azkenik, milioi 1 euroko aurrekontua bideratuko da ordainketa bakarraren modalitatean langabeziaren ondoriozko prestazioa jasotzen dutenentzat, baldin eta lan elkartuko kooperatiba bateko bazkide eta laneko sozietate anonimo (LSA) gisa eratzen badira. Langabeziaren ondoriozko prestazioaren inguruko neurri horren bidez 1000 pertsona kooperatibetako edo laneko sozietate anonimoetako bazkide berri egiten lagunduko dela aurreikusten da.
2011rako onartutako zuzkidura aurreko urteen ildo eta zenbateko berekoa izango da, nahiz eta hori aldatu eta handitu ahal izango den ataletako bakoitzean, horiek izandako bilakaeraren eta Lanbideko Administrazio Kontseiluak laguntzen programen inguruan egindako jarraipenaren arabera.
Euskal Enplegu Zerbitzuak laguntzen lehen multzo hau onartzea gertaera historikoa da, baita autogobernuaren aurrerapen garbia ere, 2010. urtera arte horietako gehienak Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak kudeatu izan ditu eta.


Berri honen iruzkinen RSSa