
Euskal Herriko 40tik gora ekoizpen-enpresa izango dira XXV. Gourmet Jaialdian
Kalitatezko Elikagai eta Edarien Azoka hau apirilaren 11tik 14ra Madrilen ospatuko da.
Europako kalitatezko gastronomiaren erreferente den azoka profesionalak, XXV. Gourmet Jaialdiak, Kalitatezko Elikagai eta Edarien Azokak, Euskal Herriko 40tik gora enpresa ekoizle hartuko ditu 11tik 14ra Madrilen, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolaketa, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren erakusmahaian (4 B26 erakusmahaia).
Erakusmahai horretan ikusgai egongo diren enpresa eta produktuekin batera promozio eta ekintza bereziak ere egingo dira; besteak beste, zuzeneko sukaldaritza erakusketak, Gamarrako Goi Mailako Sukaldaritza Eskolatik; hamabost minutuko erakusketa horietan, pintxoak prestatuko dituzte bertako lehengaiekin, edo platerak, 2011ko Gourmet Jaialdian sustatuko diren Euskadiko IV eta V gametako produktuekin.
Horrez gain, Ardo Galeria ere egongo da Euskadiko erakusmahaian; bertan, Arabar Errioxako ardoak eta erakusgai egongo diren upategietako txakolina dastatu ahal izango dituzte bisitariek. Sommelier aditu bat egongo da bertan uneoro.
Gourmeten Klubaren Nazioarteko Jaialdia orain 25 urte sortu zen, gama altuko elikagaien egile eta kontsumitzaileen topaketa izateko asmoz, baina jarduera-programa zabala eskaintzen du: mahai-inguruak, hitzaldiak, erakusketak, lehiaketak, eztabaidak eta txapelketak.


Berri honen iruzkinen RSSa