
Hiriko eta Hiriarteko Mugikortasunari Buruzko I. Jardunaldia antolatu du Trafiko Zuzendaritzak
Asteazken honetan, apirilaren 13an
''Mugikortasunari eta bide-segurtasunari aplikatutako teknologia berriak'' izenburupean, Hiriko eta Hiriarteko Mugikortasunari Buruzko I. Jardunaldia izango da Donostiako Kursaal Jauregian, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko Trafiko Zuzendaritzak antolatuta. Rodolfo Ares Herrizaingo sailburua eta Odon Elorza Donostiako alkatea egongo dira hasiera-ekitaldian.
150 pertsona bilduko dira Trafiko Zuzendaritzak lehen aldiz antolatzen duen jardunaldi profesional honetan. Mugikortasuna, hiri eta hiriarteko alorretan, lantzea da helburua, diziplina arteko ikuspuntu batetik eta ezagutzaren hainbat arlotan adituak diren adituen hitzaldiekin. Besteak beste, Luis Rojas Marcos irakaslea, New Yorkeko Medikuntza Akademiako kidea, egongo da ekitaldian bide-segurtasunak teknologia berrien aurrean duen egoera aztertzeko: pertsona eta bere moldaketa.
Dokumentazioaren banatze eta inaugurazio ofizialaren ostean, Iñaki Ortizek, Eusko Jaurlaritzako Berrikuntzako eta Administrazio Elektronikoko Zuzendariak, emango du lehen hitzaldia; Eusko Jaurlaritzako administrazio elektronikoaren estrategia zein den azalduko du. Jarraian, Javier Martínez Plumek, Valentziako Unibertsitateko irakasle eta LISITT (Laboratorio Integrado de Sistemas Inteligentes y Tecnologías de la Información en Tráfico) elkarteko kideak ibilgailuen arteko eta ibilgailu eta azpiegituren arteko lankidetza-sistemak aztertuko ditu.
José María Martínez de Burgosek, IKTBetako (Informazio eta Komunikazio-Teknologia Berrietako) aholkulariak, marketing mugikorra eta honen erabilera mugikortasuna hobetzeko gaia landuko du. Ondoren, Ignacio Morgado Bernalek, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Psikologia Fakultateko katedradunak, "Mugikortasun segurua:Teknologia berriak versus giza faktorea?" hitzaldia emango du.
Goizeko jardunaldiari amaiera emateko, Pedro Valerok, Psikologia doktore eta NTRAS-eko (Instituto de Tráfico y Seguridad Vial) kideak, "Iker dezakegu zerk nahasten dituen gidariak?" galdera erantzungo du.
World Kafea 150 parte-hartzailerekin
Arratsaldean, hamaiketakoaren ostean, Hiriko eta Hiriarteko Mugikortasunari Buruzko I. Jardunaldian bilduko direnek Luis Rojas Marcos entzuteko aukera izango dute. New York University-ko Psikiatria irakasle eta New Yorkeko Medikuntza Akademiako kideak, pertsonek teknologia berrietara moldatzeko dituzten zailtasunak eta horrek bide-segurtasunean izan ahal duen eragina azalduko ditu.
Amaitzeko, World Kafe moduko eztabaida-hitzaldi batean parte hartuko dute bildutako guztiek. Parte-hartze proposamen berritzaile honekin mugikortasun eta bide-segurtasunarekin erlazionatutako hainbat gai aztertu nahi dira, Kursaaleko Jardunaldiam egongo diren profesional guztien ezagutza eta esperientzia abiapuntu hartuta.
Amparo López Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendariak itxiko du Jardunaldia. Hurrengo edizioetan, Hiriko eta Hiriarteko Mugikortasunari Buruzko Jardunaldia Bilbon eta Gasteizen garatuko da.
Beste gonbidatu batzuk
- Herrizaingo Sailburua / Donostiako Alkatea


Berri honen iruzkinen RSSa