
Eusko Jaurlaritzak eta EUDELek Gizarte Larrialdietarako Laguntzen garapena adostu dute
EUDEL Euskal Udalen Elkarteak eta Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak zera adostu dute, 2011. urterako Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL) arautzen dituen araudian zenbait aldaketa egitea
2011ko lehen hiruhilekoa igaro ondoren, EUDELek eta Sailak ebaluatu egin dute Gizarte Larrialdietarako Laguntzen indarreko araudiak lehen hilabete hauetan izan duen portaera. Bi erakundeek adostu dutenez, aurten enplegurako pizgarriak aplikatuko dituzte, hau da, lanetik diru-sarrera txikiak ateratzen dituzten pertsonei GLLak eskuratzeko erraztasunak emango dizkiete. Neurri hori atzeraeraginez aplikatuko da, 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera.
Hitz egiten jarraituko dute 2012an aplikatzekoa izango den GLLen erregulazio berria diseinatzeko. Gainera, Udalentzako GLLen ordainketa bizkortu egingo da, udalerriek egindako gastuaren hiru hilean behingo justifikazioak udalaren gizarte-zerbitzuen arduradunaren sinadura eraman ahal izango duelako, idazkariak edo kontu-hartzaileak zertan sinatu gabe. Horrek esan nahi du burokrazia-izapide gutxiago egin behar izango direla eta denbora ere aurreztuko dela, bi aste batez beste.
2012rako GLLen araudiari dagokionez, EUDELek eta Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak elkarlanean aritzeko adostasuna lortu dute, araudi hori hobetzeko araudi horretan sartu beharreko alderdiak lantzeko, hala nola eskatzailearen ondarea zehaztea eta ehunekoak baliabideen arabera aplikatzea; ohiko etxebizitza eta bizilekua erosteko sinatutako kredituen interesetatik eta amortizaziotik eratorritako gastuak estaltzeko GLLak aztertzea, eta aurreikusitako gastu espezifiko bakoitzerako GLLen gehieneko zenbatekoa finkatzea.
Hori guztia bi erakundeek gizarte-larrialdietarako laguntzen eredu berria sortzeko elkarlanean egin behar duten lana alde batera utzi gabe, eraginkortasunez, kalitatez, baliabideak optimizatuz eta finantza-nahikotasunez gauzatuko dutena. Iaz, 20.000 familiak jaso zituzten laguntza horiek, gutxi gorabehera.
Eudelek eta Eusko Jaurlaritzak lehen urrats hori egin izana goraipatu nahi izan dute, eta, ildo horretatik, datozen hilabeteetan erakunde arteko elkarrizketarekin aurrera jarraitzeko borondatea adierazi dute, dinamika horrek politika publikoen bateratzea, eta, azken batean, herritarrei zerbitzu hobea eskaintzea, ahalbidetzen duen neurrian.


Berri honen iruzkinen RSSa