
Berdintasunerako gunea
Emakundeak antolatzen duen VIII. Berdintasunaren Foroak Emakumeek erabaki guneetan duten partaidetza izango du izpide, ekainaren 1etik 21era ospatuko da
“Emakumeen partaidetza erabaki eta eragin alorretan” izango da Emakundek koordinatu eta bultzatzen duen Emakume eta Gizonen Berdintasunerako VIII. Gunearen leloa. Ekainaren 1etik 21ra ospatuko da EAEko 18 herri eta hiri ezberdinetan. 66 ekintza daude iragarrita, 64 entitate ezberdinek antolatuta. Gunearen helburua hainbat erakunde eta elkartek emakume eta gizonezkoen arteko berdintasunaren alde egiten duten lana indartu, ikustarazi eta sendotzea da.
Berdintasunaren aldeko politika publikoak bultzatu eta gizartea sentsibilizatzea du helburu Emakundek, eta testuinguru horretan urtero jartzen du martxan Berdintasunerako gunea. Aurten Gunearen zortzigarren edizioa ospatzen da ekainaren 1etik 21ra bitartean, hainbat erakunde eta elkartek emakume eta gizonezkoen arteko berdintasunaren alde egiten duten lana indartu, ikustarazi eta sendotzeko asmoz. Emakundek 2004. urtetik Berdintasunerako Gunea antolatzen du. Azkeneko edizioetan ardatz edo gai nagusi bat du guneak eta antolatzen diren ekitaldi guztiek, edozein esparru edo arlokoak izanik, ardatz horrekin lotura izan behar dute, gai hori ikuspegi anitzetik aztertu, hausnartu eta sakonduz.
Aurtengo gai nagusia “Emakumeen partaidetza erabaki eta eragin alorretan” izango da eta 66 ekintza daude iragarrita (mahai-inguruak, erakusketak, konferentziak, tailerrak, tertuliak…), 64 entitate ezberdinek antolatuta eta 18 herri eta hirietan ospatuko dira. Entitateen artean, izaera anitzekoak daude: elkarteak, fundazioak, Eusko Jaurlaritzako Sail ezberdinak, Eusko Legebiltzarra, udalak, foru aldundiak, unibertsitateak eta abar.
Emakumeen partaidetza erabakiguneetan
Emakunderen iritziz, gizarteak aurrera pausu handiak eman ditu azken hamarkadetan berdintasunaren eremuan, baina, hala eta guztiz ere, datuek erakusten digute oraindik ezberdintasun handiak daudela emakume eta gizonen artean boterea, eskubideak errekurtsoak eta onurak kontrolatu eta eskuratzeko orduan.
Egoera hau aldatzeko beharrezkoa da gizarteko eremu guztietako (kultura, politika, ekonomia…) erabakiguneetara emakumeak heltzeko aukerak bultzatzea. Helburua gizartean emakume eta gizonen harreman pertsonal eta botere harremanetan oreka handiagoa lortzea izan beharko litzateke. Eta eginkizun honetan, gizarte osoak lagundu behar du, emakumeak erabaki eta botere guneetara heltzeko bidean dituzten oztopoak desagerrarazten. Horretarako baloreen aldaketa guztiz beharrezkoa da.
Clara Campoamorren eskultura
Gunea ekainaren 1an hasiko da, Donostian egingo den Clara Campoamorren eskulturaren inaugurazioarekin, bere izena duen plazan kokatuko dena. Dora Salazar artistak egin duen eskulturaren inaugurazioan artista bera, Emakundeko zuzendaria eta Donostiako alkatea izango dira. Arratsaldeko 18.00tan izango da eta ondoren, zazpiretan, "Clara Campoamor, la mujer olvidada" filma aurkeztuko dute María Silvestre Emakundeko zuzendariak eta Miriam Porté Distinto Filmseko produktorea, Lugaritz Kultur Etxean.
Gunearen barruan antolatutako ekintza guztiak programan daude ikusgai Emakundearen web gunean eta albiste honen dokumentu itsatsietan.
Politikariak
Beste gonbidatu batzuk
- María Silvestre


Berri honen iruzkinen RSSa