
150.000 pertsonak bere botoarekin gustura ez daude edo bere abstentzioaz damutzen dira
% 22 beren herrialdean irabazi duen alderdia zein izan den ez du asmatzen
Inkesta hauteskunde egunetik gertu egin izanak Udal Hauteskundeei ematen zaien garrantzia handitu egin du, eta inkestatuen herenarentzat (%30) hauteskunde mota garrantzitsuena izatera pasa da, hauteskunde orokorren (%24) eta autonomikoen (%17) gainetik. Ez da gauza bera gertatzen foru hauteskundeekin; aurreko ikerketan gertatzen zen bezala (45. Euskal Soziometroan), hauteskunde horiek ez dute lortzen Batzar Nagusiek eta Diputazioek euskal erakundeen egituran duten garrantzia mailarik: soilik %4k uste dute foru hauteskundeak direla garrantzitsuenak, eta Europako hauteskundeekin batera (%2), azken lekuetan kokatzen dira. Bestalde, hiru euskal herritarretatik birentzat (%62) maiatzaren 22ko udal hauteskundeek interes handia edo nahikoa izan dute, eta erdia ingururentzat foru hauteskundeek (%54).
Zatituagoa agertu da hauteskunde kanpainaren gaineko interesa. Inkestatuen %38k interes handia edo nahikoarekin jarraitu dute, eta hauen parean %42k adierazi dute interes gutxi edo batere interesik ez dutela izan. Dena den, erdiak baino gehiagok ikusi edo irakurri dute hautagairen baten elkarrizketaren bat edo hautagaien arteko debateren bat (%58)
Hauteskunde kanpainaren balorazioa ez da oso positiboa, kontutan izanda hamar elkarrizketatutatik zazpik adierazi dutela gutxi edo batere ez diela lagundu alderdien arteko desberdintasunak ikusteko (%73), hautagaiak hobeto ezagutzeko (%71) edo alderdi bakoitzaren programa eta proposamenei buruz informatzeko (%71). Ez da harritzekoa, beraz, soilik %15ek adieraztea hauteskunde kanpainak botoa erabakitzen asko edo nahikoa lagundu diela.
Hauteskundeetan parte hartzea
Elkarrizketatuen %72k adieraztea hauteskunde guztietan botoa ematen duela ez dator bat Euskadiko partehartze emaitza historikoekin, oso gutxitan iritsi direnak maila horretara. Dena den, datu horrek adierazten du, hauteskundeak gertu diren bakoitzean entzuten diren gaitzuste diskurtsoen eta ahots kritikoen gainetik, parte hartzea dela politikoki zuzentzat jotzen den jarrera. Abstentziora jotzen dutenei kosta egiten zaie egiten dutela onartzea, gazteenen artean izan ezik: 18-29 urte bitarteko taldean %17k adierazi dute ez dutela inoiz botoa ematen.
Botoa emateko erabakiari dagokionez, hauteskunde guztietan botoa ematen dutenen artean beti alderdi berari ematen diotela erdiak baino gutxiagok diote (%45). Botoa aldatzeko arrazoi nagusiena hauteskunde mota da (%30), eta hamarretik bik (%22) adierazi dute beste arrazoi batzuen arabera erabakitzen dutela botoa nori eman. Alderdienganako fideltasuna adinarekin handitu egiten da: 18-29 urte bitartekoen %39k adierazi dute beti alderdi berari ematen diotela botoa, eta portzentaje hori %61eraino handitzen da 65 urtetik gorakoen artean.
Maiatzaren 22ko %64ko parte hartzearen aldean, inkestatuen %79k botoa ematera joan zirela adierazi dute, beraz, 15 puntuko abstentzioaren ezkutatzea eman da. Berriz ere, hauteskunde kanpainak duen eragin mugatua begi-bistan geratzen da, eta hamarretik zazpik adierazi dute hauteskunde kanpaina hasi aurretik erabakia zutela botoa nori eman. %30 inguruk kanpainan zehar erabaki dute beren botoaren zentzua, eta %7 dira hauteskunde egunean bertan erabaki zutenak. Udal edo foru hauteskundeak izan, parte hartze datu hauetan ia ez dago alderik.
Botoa eman dutenen artean, botoaren zentzua erabakitzeko faktore nagusiena alderdi politikoa da oraindik ere (%45 foru hauteskundeetan eta %36 udal hauteskundeetan); baina boto emaileen erdia baino gutxiago dira, alderdiaren fideltasunari buruz aurretik aipatu dugun datuarekin bat eginez. Lautik batek proposamen edo programak nabarmendu dituzte, bai batzar nagusietarako botoa erabakitzeko garaian (%24) eta bai udaletarako botoa erabakitzerakoan ere (%26). Aldiz, udal hauteskundeetan hautagaiari garrantzia handiagoa ematen diote (%25), foru hauteskundeetan soilik %16k aipatu dute hautagaia.
Hauteskunde-emaitzen balorazioa
Foru hauteskundeetako emaitzak kontutan hartuta, gehiengo zabalak emandako botoa errepikatuko luke (%94). Hori horrela izanagatik ere, nabarmentzekoa da %6k dutela halakorik esan eta portzentaje horrek 65.000 boto baino gehiago suposatzen dituela. Gehiago dira oraindik, abstenitu ondoren adierazi dutenak emaitzak ikusita nahiago izango luketela botoa eman izan balute (%13), ia 82.000 abstentzionista guztira. Udal hauteskundeetarako jasotako erantzunak oso antzekoak dira.
Harridura handiagoa sortzen du hautesleen %22k beren herrialdean irabazi duen alderdia zein izan den ez asmatzeak. Datu honen bi muturrak Gipuzkoan eta Bizkaian jaso dira: inkesta hauteskundeak izan eta hurrengo egunetan egin bazen ere, lau gipuzkoarretatik batek ez zekien Bildu izan zela lehen indarra lurralde horretan (%26); Bizkaian, boto gehien lortu zituen alderdia PNV izan zela asmatu ez dutenen portzentajea zazpi puntu txikiagoa da. Norberaren udalean zein alderdik irabazi duen ez dakitenak gutxiago dira (%17).
Emaitzen balorazio orokorrari dagokionez, soilik erdiek uste dute positiboak izan direla; aldiz, hamarretik bik negatiboki baloratzen dituzte, eta hamarretik hiruk nahiago dute iritzirik ez eman, bai foru zein udal hauteskundeetan. Emaitzen balorazio positiboena Bizkaian aurkitu dugu (%59); Gipuzkoan balorazio positiboa %39raino txikitzen da, eta %28raino Araban.
Bilduren hautagaitzak onartuz Konstituzio Epaitegiak hartutako azken erabakiak adostasun handiagoa jaso du, eta hiru herritarretatik bi erabakiarekin oso edo nahikoa ados agertu dira; halere erabakiarekin oso edo nahikoa kontra agertu direnak ere %18 dira.
Azkenik, foru eta udal erakundeen gobernagarritasuna bermatuko duten akordioei dagokionez, nabarmendu behar da inkestatuen %37k nahiago izan dutela galderari ez erantzun. Gainerakoan, zatiketa handia antzematen da erantzunetan: adibidez, %23k nahiago ditu abertzaleen arteko akordioak, %20k nahiago ditu emaitzen araberako akordio transbersalak eta %17k nahiago ditu gutxiengoen gobernuak.


Berri honen iruzkinen RSSa