
Herrizaingo Sailak alerta laranja ezarri du euriagatik
Baliteke ordubetean 30 l/m2-ko prezipitazioak izatea
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak alerta laranja ezarri du gaur astelehen eguerdirako, euriagatik; izan ere, baliteke ordubetean 30 l/m2-ko prezipitazioak izatea, gaur eguerdiko 12:00etatik bihar eguerdiko 12:00etara.
Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritzak alerta laranja ezarri du gaur eguerdian, EAEn euri-jasa handiak utziko dituen fronte bat iristear baitago. Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak emandako eguraldi iragarpenaren arabera, baliteke ordubetean 30 l/m2-tik gorako prezipitazioak egitea, gaur astelehen eguerdiko 12:00etatik bihar astearte eguerdiko 12:00etara. Iragarpenaren arabera, tokiren batean euri-jasa handiak izan litezke eta baliteke oso handiak izatea gauerdian; litekeena da txingor-ekaitza ere izatea.
Aholkuak - Euri-jasa handiak
Eusko Jaurlaritzako Meteorologia eta Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritzak, euri-jasa handiak izateko arriskuaren aurrean eta horiek eragin ditzaketen ondorioak saihestu edo txikitze aldera, honako aholkuak eman nahi dizkie kalteak jasan ditzaketen herritarrei:
Prebentziozko neurriak:
- Ez utzi ibilgailurik eta ez kanpatu ibai sikuen ibilguetan, ezta ibaiertzetan ere, bat-bateko ur-goraldi batek edo uholde batek ezustean ez harrapatzeko.
- Kendu ibilgailuak ur-putzuak sor daitezkeen lekuetatik, edo urpean gera daitezkeen garajeetatik.
- Saihestu auto bidezko joan-etorriak.
- Bidaiatu behar izatekotan, bide nagusiak eta autobideak erabili gehienbat, eta ikuspen nahikorik izan ezean, ibilgailua leku seguru batean gelditu.
- Kendu urak eraman ditzakeen objektuak, kutsadura sor dezaketen produktu arriskutsuak bereziki.
- Aztertu inguruetako hustubideen egoera.
Larrialdietan hartu beharreko neurriak:
- Aldendu ibai, uhar, zubi eta urak har ditzakeen guneetatik, eta, badaezpada, urpean dauden guneak ez igaro, ez oinez ez autoz, uraren indarrak eraman ez zaitzan. Ura dela eta, autoa bidean ez atzera ez aurrera geldituz gero, argiak itzali eta bertan utzi.
- Halaber, aldendu mendi-mazela edo muinoen gune baxuetatik, toki horietan ur, harri eta lohi jauziak izateko arriskua baitago.
- Urak etxeak hartuko balitu, sotoak eta beheko solairuak utzi lehenbailehen.
- Etxetik alde eginez gero, argia deskonektatu eta gasaren eta uraren giltzak itxi. Horrez gain, ohar bat utzi, ostatu hartuta non egongo zaren jakitera emateko.
- Saiatu toki garaienetara joaten, urpean gera daitezkeen guneetatik aldenduta.
- Uneoro informatuta egon irrati edo beste komunikabide batzuen bidez, eguraldi iragarpenaren eta egoeraren berri izateko.
Larrialdi-egoera baten aurrean, deitu 112 telefonora.


Berri honen iruzkinen RSSa