
"Jaurlaritzaren gizarte ekintzak sustatu ere egin behar ditu baliabide gutxien dituzten herritarrak, babesa eskaintzeaz gain"
- Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaletak Legebiltzarrean azpimarratu duenez, herritar kalteberenen premiei erantzutea lehentasun politikoa da Jaurlaritzarentzat
- Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren hartzaile kopurua % 13,4 hazi zen iaz, 55.020 hartzaile lortzeraino.
Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaleta Eusko Legebiltzarreko Gizarte Politika, Lan eta Berdintasunaren Batzordean izan da gaur goizean, Jaurlaritzak gizarteratzeko laguntza-eskaerei erantzuteko eskuragarri dituen tresnen berri emateko. Zabaletak azpimarratu duenez, aurrekontuetan hasiera batean jasotako kreditua handitu egiten da, baldin eta premia guztietara iristeko beharrezkoa bada.
Ildo horretan, zera ekarri du gogora, 2008an, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren aurrekontua 189,2 milioi euro izan zela, eta azkenean gauzatutako gastua, berriz, 197,2 milioi, hurrenez hurren. Ildo beretik, 2009an, aurrekontua eta gastua 245,6 milioi eta 262,7 milioi izan ziren, hurrenez hurren. Azkenik, 2010ean, 284,6 milioiko aurrekontua egin zen, baina 313,2 milioi gastatu ziren guztira. Iaz, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentak 55.020 hartzaile izan zituen, aurreko urtean baino 6.531 hartzaile gehiago (% +13,4 ).
Prestazioak aurten izan duen bilakaerari dagokionez, lehen hilabeteetan, antza denez, goranzko joera arindu da nolabait. Hala, 2010eko lehen bost hilabeteetan, hartzaile-kopurua % +11 hazi zen (5.425 hartzaile gehiago) 2009. urtearen aldean; 2011ko lehen bost hilabeteetan, aldiz, 1.290 hartzaile gutxiago izan dira 2010ean baino (% -2,3).
Etxebizitza Prestazio Osagarria, berriz, 2010eko urtarrilaren 1ean jarri zen abian. 43,110 milioiko aurrekontua egin zen, eta 51 milioi euro gastatu ziren.
Hortik etorri da Diru-sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Legea aldatzeko proposamena, gizarte-prestazioak jasotzeko eskubidea dutenek, gizarte-zerbitzuak erabiltzeaz gain, enplegu-zerbitzuen erabiltzaile ere izan daitezela ahalbidetzeko xedea duena. Legea Legebiltzarrean izapidetzen ari da une honetan, eta, behin onartu ondoren, Lanbide hasiko da Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren hartzaileei arreta eskaintzen. Iazko ekainean, errenta aktiboaren plan pilotua jarri zen abian Lanbideren zortzi bulegotan, eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren 4.317 hartzaile aktibatu ditu dagoeneko. Hartzaile horiek beren kontura dituzten senitartekoak aintzat hartuta, planak orain artean 8.240 onuradun izan dituela esan dezakegu.
Oraingoz, ia 800 kontratu gauzatu dira, 1.134 pertsona prestakuntza-ikastaro bat egiten ari dira, eta gainerakoei enplegurako prestakuntza-ibilbide bat egin zaie.
Beste gonbidatu batzuk
- Gemma Zabaleta


Berri honen iruzkinen RSSa