
Proiektu berritzaile batek etxeko laguntza sustatuko du adinekoek eta desgaitasuna dutenek beren etxeetan jarraitu ahal izan dezaten
- Etxean Ondo izeneko plan pilotuak gizarte-zerbitzuetako eta osasunaren arloko profesionalak koordinatuko ditu, etxean bertan arreta pertsonalizatua, integrala eta etengabea emateko
- Programa Gipuzkoako bost udalerritan jarriko da abian, eta 500 etxebizitza inguru hartuko ditu
Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak eta Matia Taldeak proiektu berritzaile bat jarriko dute abian, adinekoen eta desgaitasunen bat dutenen etxeko zaintza sustatzeko, beren etxeetan bizitzen jarraitu ahal izan dezaten, inguruneko komunitatean parte hartuz, eta egoitza batean sartzeko unea ahalik eta gehien atzeratuz.
Etxean Ondo izeneko egitasmoa irailean hasiko da Gipuzkoako bost udalerritan (Donostia, Irun, Oiartzun, Tolosa eta Zarautz), eta 500 etxebizitza inguru hartuko ditu.
Etxean Ondo proiektuari esker Gipuzkoako bost udal horietako gizarte‑zerbitzuetako eta osasunaren arloko profesionalek beren ekintzak eta estrategiak koordinatuko dituzte esperientziak irauten duen bitartean, arreta pertsonalizatu, integral eta etengabea emateko. Beharra duten pertsonek beren etxeetan bertan jasoko dituzte osasun- eta gizarte-zaintzak. Horretarako, etxeak hautatu egingo dira.
Proiektuan etxez etxeko arreta-zerbitzuen dibertsifikazioa aurreikusten da. Profesionalen laguntza koordinatuaz gain, hurbiltasuneko zerbitzu berriak (otorduak, arropa-garbiketa, fisioterapia, podologia, garraioa, liburutegi mugikorra, etab.) pertsonen etxebizitzetara gerturatuko dira. Familia zaintzaileentzako laguntzak indartuko dira, zaintzei buruzko aholkularitza eman eta zalantzei erantzungo dien etxez etxeko laguntza profesionalaren bitartez. Etxebizitzaren irisgarritasunari ere erreparatuko zaio, pertsonen eguneroko jardueretan dauden oztopoak kentze aldera.
Erreferentziako profesionalek kasuen kudeaketa-metodologiaren segimendua egingo dute, eta horren bitartez profesional berberak lagun egingo die familiei arreta-prozesu osoan, eta esku-hartze guztiak koordinatuko ditu.
Halaber, aukerak eta laguntza eskainiko dira adinekoek eta desgaituek komunitatean parte har dezaten, isolatuta eta bakarrik daudenekin lan berezi eta pertsonalizatua eginez.
Esperientzia pilotu horietan zehar pertsonen bizi-kalitatean aurreikusten den hobekuntza eta ezarri beharreko neurrien eraginkortasuna eta iraunkortasuna ebaluatuko dira. Proiektuaren helburuetako bat da egoitzetako instituzionalizazioak saihestea eta ospitaleratzeak eta bestelako zerbitzu soziosanitarioak beharrik gabe ez erabiltzea.
Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak eta Matia Taldeak lan-mintegi bat antolatu dute gaur Donostian (esperientzia egiteko hautatutako udalerrietako bat) proiektua inplikatutakoei xehetasunez azaltzeko eta haien ekarpenak eta lankidetza-eskaintzak jasotzeko. Hilabete honetan antzeko bilkurak antolatuko dira hautatutako gainerako herrietan.


Berri honen iruzkinen RSSa