Sartu Irekiara

Pasahitza ahaztu zaizu? Berreskuratu hemen

Bi astez gogora nazazu

Eu
2011(e)ko Irailak 19 0

Xabier Garmendia sailburuordea aditu gisa gonbidatu dute New Yorkeko Klimaren Astera

Industria eta Energiako sailburuordeak hitzaldi bat emango du 'Energia-politika eraikinen sektorean Euskadin' gaiaren inguruan.

The Climate Group erakundeak antolatzen ditu bihar, astelehena, hasiko diren ekitaldiak, aurtendik aurrera Europan lehendakaria buru izango duen erakundeak, hain zuzen ere.

Eusko Jaurlaritzaren Industria eta Energia sailburu Xabier Garmendiak gonbidapena jaso du aditu gisa New Yorkeko Klimaren Astean parte hartzeko, hau da, The Climate Group erakundeak urtero antolatzen duen ekitaldian parte hartzeko.

Estatu Batuetako Bloomberg-en egoitza zentralean parte hartuko du gaur Garmendiak 'Energia-politika eraikinen sektorean Euskadin' izenburupeko ponentzia batean. Eraikin publikoetan energia-aurrezpena bultzatzeko Eusko Jaurlaritza abian jartzen ari den esperientzia azalduko du ponentzia horretan.

Urteko ekitaldi garrantzitsuenetako bat da hitzordu hori, eta iraunkortasunaren arloko adituak biltzen ditu. Hirugarren aldiz egingo dute New Yorken eta klima-aldaketari eman beharreko erantzun globala artikulatzea du helburutzat, ikuspuntu pribatutik eta publikotik begiratuta.

Klima-aldaketako ehunka espezialista bilduko ditu datozen egunetan Klimaren Asteak. Iraunkortasunaren arloan Eusko Jaurlaritzak egindako lanaren onespena erakusten du sailburuordeari egindako gonbidapenak. Iaz ere Bernabé Unda sailburuak antolatzaileen gonbidapena jaso zuen Euskadin ibilgailu elektrikoaren eta sare adimendunen ezarpenean izandako aurrerapausoak azaltzeko.

Oraingoan, jada ezartzen ari diren zenbait planen bidez eraikin publikoetan energia-kontsumoa murrizteko Eusko Jaurlaritza egiten ari den ahaleginak izango ditu hizpide Xabier Garmendia sailburuordeak.

Lehendakaria, The Climate Group erakundeko presidentekide

Eusko Jaurlaritza lider bihurtzen ari da politika garbiak eta iraunkortasun-politikak bultzatzeari dagokionez. Ildo horretan lortzen ari den nazioarteko onespenaren ondorioz, Patxi Lopez lehendakariak hurrengo hilabeteetan onartuko du Europan The Climate Group erakundearen presidentekide izateko gonbidapena, hau da, munduko konpainia handienetako 80 eta hainbat eskualde- eta toki-gobernu klima-aldaketa saihesteko lider izan nahian biltzen dituen erakundearena.

The Climate Group (TCG) irabazi-asmorik gabeko erakunde independentea da, 2004an sortu zena nazioartean jarduteko, enpresa-sektoreko hainbat liderrekin eta gobernurekin batera. Politika eta teknologia jakin batzuk bultzatu eta sustatu nahi ditu erakundeak, testuinguru orokor batean emisioak murrizteko, eta, ildo horretan, 'industria-iraultza garbia' sortzeko, ekonomia-hazkundea eta enpleguak sortuko dituena eta guztiontzako etorkizun garbiagoa, emankorragoa eta hobea ziurtatuko duena.

The Climate Group Europan, Ipar Amerikan, Australian, Txinan, Hong Kongen eta Indian ezarrita dago, eta bulegoak ditu eskualde horietan guztietan. 2010etik, koalizioak munduko konpainia handienetako 80 eta hainbat gobernu azpinazional biltzen ditu. Guztira, kideak munduko BPGaren % 15 dira. Besteak beste, erakundeak honako kide hauek ditu:

  • Kide korporatiboak: Alstom, Barclays Bank, Bloomberg, British Sky, Cathay Pacific Airways, China Mobile, Cisco, Coca-Cola, Dell, Deutsche Bank, Florida Power & Light Company, GE Energy Europe, Goldman Sachs, Google, HSBC, Johnson Controls, JP Morgan Chase, Nestlé, Nike, Philips, PSA Peugeot Citroen, TNT, Veolia Environment (besteak beste).

 

  • Gobernuetako kideak: New Yorkeko hiria, Kataluniako Gobernua, Ipar Renania-Wesfaliako Gobernua, Eskoziako Gobernua, Euskadiko Gobernua, Ontarioko Probintzia, Quebeceko Probintzia, Bretainiako Eskualdea, Ille de Franceko Eskualdea, Rhône-Alpeetako Eskualdea, Bavariako Estatua, Kaliforniako Estatua, Hegoaldeko Gales Berriko Estatua, Sao Pauloko Estatua, Upper Austriako Estatua, Galesko Batzarra (besteak beste).

 

Gainera, 2004an sortu zenez geroztik, nazioartean ospe handia lortu duten zenbait pertsona izan dira The Climate Group erakundeko babesle, hala nola Britainia Handiko lehen ministro ohi Tony Blair jauna, hasiera-hasieratik taldea bultzatu duena, eta Monakoko Alberto II.a, Alberto II.a Printzea Fundazioaren bitartez eta The Climate Group eta Johnson Controls erakundeekin batera, Energia Eraginkortasunaren Foro Euromediterraneoa antolatzen duena.

Besteak beste, The Climate Group erakundeak teknologia-programak garatzen ditu, dagoeneko abian diren teknologietan oinarriturik 2010. urterako emisioak murrizteko lagungarri izan daitezkeenak. Proiektu horien bitartez, teknologia horiek aldi berean praktikoak eta merkeak direla erakutsi nahi da, eta gainera teknologia horiek oro har erabiltzea galarazten duten oztopo nagusiak zein diren jakinarazi nahi da, baita oztopo horiek gainditzeko moduak aurkitu ere.

Teknologia-programa horien barnean honako hauek daude:

  • EV-20 (Electric Vehicle): Ibilgailu elektrikoen erabilerarako trantsizio azkarra bultzatzearen aldeko konpromisoa hartu duten 20 erakundez osatutako sare batekin elkarlanean ari da erakundea, ibilgailu elektrikoak azkar eta eraginkortasunez hedatzeko beharrezko merkatuak eta borondate politikoa eraikiz. Horretarako elkarteak sortu behar dira maila guztietan, automobil- eta bateria-fabrikatzaileen, zerbitzu publikoen, bankuen eta gobernuen artean. Gainera, garraio-azpiegitura eraldatu behar da, ibilgailuak hornitzeko kate berriak eta finantzatzeko politika eta eredu berriak beharko ditugulako merkatuaren hornidura eta eskaria bermatzeko.

 

  • Smart 2020: Smart 2020 txostenak zera erakutsi zuen, IKTak lagungarri izan daitezkeela 2020rako sektore guztietako emisio orokorrak % 15 murrizteko. Horregatik, TCG sare adimendunetan, eraikin adimendunetan eta hiri adimendunetan jartzen ari da bere arreta guztia.

 

  • LED: Munduko hainbat gobernu eta enpresarekin lanean ari gara, LEDen merkatua bideragarri bihurtzeko eta LEDak mundu osoko herri eta hiriak argiztatzeko erabil daitezela ahalbidetzeko.

 

  • Carbon Capture and Storage (CCS): 2014rako, CCSko lantaldeak CCSren eskala handiko bost erakusketa-planta eraiki nahi ditu, Txinan, Indian, AEBetan, Europan eta Australian.

 

Halaber, The Climate Group erakundeak Estatu eta Eskualdeen Aliantza ezarri du, kima-aldaketaren aurkako borrokan gobernu azpinazionalak betetzen ari diren zeregin garrantzitsuaren onespenean oinarrituta. Gainera, TCG erakundeak beste zenbait ekitaldi antolatzen eta deitzen ditu, New Yorkeko Klimaren Astea esaterako, astebeteko mundu-foroa izanik, "industria-iraultza garbiaren' aldeko politikak garatu eta finantzatzeko mundu osoko enpresa eta gobernuek zer egin dezaketen aztertzen duena.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko irailaren 18a

 

Berri honen iruzkinen RSSa

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan

Politikariak

Beste gonbidatu batzuk

  • Xabier Garmendia - Industria eta Energia sailburuordea

Sartu zure emaila

eta pasahitza berreskuratzeko jarraibideak bidaliko dizkizugu


Orain, begiratu zure emaila

Email bat bidali dizugu pasahitza berreskuratzeko jarraibideekin. Jarrai itzazu Irekian sartzeko.