Sartu Irekiara

Pasahitza ahaztu zaizu? Berreskuratu hemen

Bi astez gogora nazazu

Eu
2011(e)ko Irailak 21 0

Euskal merkataritzaren ‘renove planak’ 43,4 milioi euroko inbertsioa eragin du 2011n

Euskal merkataritza modernizatzeko programak eragindako inbertsioa % 13,5 igo da iazkoarekin alderatuta.

Eusko Jaurlaritzak 4,1 milioi euroko ekarpena egin du programa horretan saltokientzat, hilaren 16an itxi zen eta ia 2.000 eskaera jaso dituen programan.

80 milioi euroko inbertsioa eragin du programak bi urtean, eta euskal merkataritzak bere irudia hobetzeko eta bere bezeroei zerbitzu hobea eskaintzeko ahalegintzen ari dela erakusten digu horrek.

Kate-ondorio positiboa izango du horrek gremioei, autonomoei eta merkataritzarako zerbitzu-zuzkitzaileei dagokienez

Eusko Jaurlaritzak 4.153.693,96 euroko aurrekontu-hornidurarekin bultzatu duen Euskal Merkataritza modernizatzeko programak 43,4 milioi euroko inbertsioa eragin du 2011ko ekitaldian. Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailean 1.915 eskaera jaso dituzte (postaz igorritakoak oraindik zenbatu gabe), iaz aurkeztutakoak baino ia % 7 gehiago. Araban 156 bildu dira, Gipuzkoan 816 eta Bizkaian 943.

Irailaren 16an itxitako programari esker % 13,5 gehitu ahal izan da aurten saltokiek modernizatzeko egin duten inbertsioa.

Lortutako aparteko emaitzak ikusita, Eusko Jaurlaritzak euskal saltokiak modernizatzeko iazko apustuari berriz ekitea erabaki du, eta uste du, halaber, programa arrakastaz itxi dela, zailtasun ekonomikoak nagusi diren une batean sektoreko inbertsioa sustatzea ahalbidetu duela kontuan izanda.

'Renove plan' horri jarraiki saltokiei itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak ematen zaizkie; zehazkiago, % 15eko diru-laguntzak altzarietan, obra zibilean, askotariko ekipamenduetan, errotuluetan eta abarrean egindako inbertsioetarako, eta % 20ko diru-laguntzak ekipo informatikoetan, aplikazioetan edo osagarrietan egindako inbertsioetarako, hurrenez hurren. Diru-laguntza horiek handiagoak ere izan daitezke baldin eta enpresak Euskadin ugari diren merkataritza-elkarteren bateko kide badira edo kalitate-ziurtagiriren bat lortu baldin badute.

Merkataritza-jarduera duten ETEak izango dira laguntzen hartzaileak, eta merkataritza-jardueratzat hartuko da xede horretarako eskuratutako salgaiak edo produktuak, bere horretan, funtsezko eraldaketarik gabe, merkatuaren esku jartzea, baita ekoizleek, artisauek edo industrialek, eurek zuzenean, kontsumorako ondasunak saltzea ere, baldin eta ondasun horiek ekoizteko, merkaturatzeko edo hirugarrenei zerbitzuak eskaintzeko prozesuetan sartuko ez diren ondasunak badira.

Diru-laguntza jasotzeko aukera izateko, inbertsioek 600 eurotik gorakoak izan behar dute ekipamendu informatikoei dagokienez eta 2.000,00 eurotik gorakoak gainerako kasuetan; bestalde, establezimendu bakoitzeko lor daitekeen gehienezko diru-laguntza 12.000 € izango da. Orain arte azterturiko espedienteen arabera, merkatariek egindako batez besteko inbertsioa 22.672 euro da, 2010. urtean baino % 4,41 gehiago.

2010ean baino % 13 gehiago

Plan hori iaz jarri zen abian; izan ere, 2015erako Merkataritzaren Egokitze Plana onartzean, Euskadiko saltokiak, batez beste, zazpi urtean behin eraberritzen direla egiaztatu zen. Eta epe hori luzeegia da. Horregatik, batez besteko epe hori murrizteko eraberritze-prozesuei ekiteko laguntzak emateari lehentasuna eman dio Eusko Jaurlaritzak. Iazko programarekin 1.800 saltokik jaso zituzten diru-laguntzak, eta, horren eraginez, 37 milioi eurotik gorako inbertsio induzitua izan zen, inbertsioen ia % 90a merkataritza-lokala berritzeko erabili zelarik.

Horrelako programa batean euskal saltokiek izan duten parte-hartze handiak adierazten du egungo egoera ekonomikoan ere, Euskadiko saltokiak beren salmenta-puntuak modernizatzeko ahalegina eta horren aldeko apustua egiten ari direla kalitatearen ildotik.

Jardun hori Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak bere 2010-2013 aldiko Lehiakortasun Planean eta bere 2015erako Merkataritzaren Egokitze Planean ezarritako helburuetan bilduta dago; izan ere, plan horien bidez Euskadirentzat merkataritza lehiakorra eta kalitatezkoa sustatu nahi da.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko irailaren 21a

Berri honen iruzkinen RSSa

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan

Sartu zure emaila

eta pasahitza berreskuratzeko jarraibideak bidaliko dizkizugu


Orain, begiratu zure emaila

Email bat bidali dizugu pasahitza berreskuratzeko jarraibideekin. Jarrai itzazu Irekian sartzeko.