
Lehendakariak Europako industria politikaren gakoak azalduko ditu Bruselan
Industria politika integratu bat globalizazioaren garairako: lehiakortasuna eta jasangarritasuna jomugan txostena aurkeztuko du
Patxi Lopez lehendakaria Bruselan izango da datorren urriaren 10ean eta 11n, Eusko Jaurlaritzak Eskualdeen Batzordeko kide gisa egin duen txosten bat aurkezteko asmoz. Testuan, Europako etorkizuneko garapen eredu berria ezartzeko sortutako Europa 2020 estrategia enblematikoaren zazpi ekimenetako bat jorratzen da. Industria politika integratu bat globalizazioaren garairako izenburudun txostenak, krisi garaian Europako industriak zein enpresek betetzen duten oinarrizko papera azaltzea du helburu.
Europa 2020 estrategiak sustatutako ekonomia zentzudun, jasangarri eta integratzailean oinarritutako eredu europarrak jasangarritasunarentzat eta lehiakortasunarentzat duen garrantzia ere aztertzen du Lopez lehendakariak aurkeztuko duen txostenak.
Guillermo Echenique Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak eta Ainhoa Alday Nazioarteko Harremanetarako zuzendariak lehendakariak Bruselara egingo duen bigarren bidaia instituzionalaren xehetasunak azaldu dituzte gaur Lehendakaritzan (Gasteiz) egindako prentsaurrekoan.
Azaldu dutenez, Euskadik ordezkatuko du Eskualdeen Batzordea Europar Batasunaren aurrean. «Lorpen garrantzitsua da, Euskadi eskualdeen lidergoan jartzen baitu industria politikan eta lehiakortasunean», nabarmendu du Echeniquek.


Berri honen iruzkinen RSSa