
Urrunagako Urtegian Zebra Muskuiluaren kolonien aurkikuntza.
Espezie hau Euskal Herriko ur eremuetan zabaltzen ari da. Honen ugaltzeak ekologian zein uretan dauden azpiegituretan eragina izan dezake. Hala ere, giza osasunarentzat ez du inoiz arriskurik suposatzen.
Urte honetako ekainean Undurragako urtegian Zebra Muskuiluaren aleak antzeman ziren lehenbiziko aldiz. Hurrengo egunetan lan trinkoak egin ziren. Honi esker balorazio bat egin zen zebra muskuiluaren presentzia zenbaterainokoa zen jakiteko eta honen agerpena murrizteko lehenbiziko lanak martxan jarri ziren.
Azkeneko datu hauei, jadanik ezagutzen zen informazioa gehitu behar zaio, hau da espeziearen presentzia ugaria Ebro ibaian eta baita ere Ullibarri Ganboako urtegian, non ez diren helduen koloniak aurkitu, larbak baizik.
Azken emaitzak kontuan izanda Urrunagako urtegian zebra muskuiluaren agerpena espero zitekeen. Ekainean, zebra muskuiluaren kudeaketan inplikaturiko administrazioek egin zituzten larben laginketetan, espezie honen aleak aurkitu ziren. Hala ere, iraila arte ez dira ale helduak aurkitu urtegi honetan. Ale helduak Arabako Foru Aldundiak aurkitu zituen lehenbiziko aldiz, Legutianoko herritik gertu. Erakunde honek Uraren Euskal Agentziarekin eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoarekin batera egin dituen lanei esker urtegian espeziearen egoera zehaztasun gehiagorekin ezagutu da.
Zebra muskuiluaren ale helduak aurkitu dira urtegiaren hainbat urertzetan. Gehiengoak tamaina txikiko aleak dira, milimetro gutxi batzuk baino ez dituzte. Tamaina handiko aleen presentzia berriz oraindik oso txikia da. Beraz, lehenbiziko fasean aurkitzen gara, finkatze fasean hain zuzen ere. Aurreikus daiteke kolonien hazkuntza eta gerta daiteke beraientzako egokia den habitat guztietara zabaltzea.
Azpimarratu behar da EAEn zebra muskuilua agertu zenetik, gai honetan eskumenak dituzten erakunde desberdin guztiak EAEn zebra muskuiluaren kontrolerako jarraipen eta koordinazio batzordea eratu zutela. Bere barnean espezie hau eragin ditzakeen kalteak murrizteko ekintzak proposatu, koordinatu, eta aurrera eramaten dira. Esparru honetan aurrera eraman dira, beste batzuen artean, populazio berrien antzemate goiztiarrerako lanak, aleak kentzeko lanak hau posible izan denean, araudiaren moldaketa eta hau betetzen dela ziurtatzeko zaintza, jendarteratze eta sentsibilizazio ekintzak, desinfektatze guneen ezarpena... Ekintza guzti hauek espeziearen hedapena eragozteko egin dira, kalteak murrizteko asmoz. Ezbairik gabe lan hauek egin ez balira hedapena azkarragoa izan zitekeen, eta, honekin batera, orain jasaten ditugun eraginak. Espezie honek ekonomian izan dituen eraginen balioespen bat egiteko Ebroko Konfederazio Hidrografikoak egindako bataz bestekoa baliagarri izan daiteke. 2005 eta 2009 urteen artean 11,6 milioien gainetik egon dira Ebroren ibilguan zehar egon diren ehunaka erabiltzaileen kalteei aurre egiteko kostuak.
Azkenik, gogoratu behar da Zebra Muskuilua batez ere gizakien ekintzengatik hedatzen dela. Nabigazioa eta arrantza identifikatu dira bere transmisiorako gako bezala. Zentzu honetan, garrantzitsua da guztiok prebentzio neurriekin kontuz ibiltzea, zebra muskuiluak jadanik hartuta dituen eremuetatik oraindik libre daudenetara ez garraiatzeko (bai helduak bai larba mikroskopikoak).


Berri honen iruzkinen RSSa