
Lehendakariak ETAren «erabateko bakardadea» nabarmendu du eta «behin betiko» bukatzeko eskatu dio
Patxi Lopez lehendakaria pozik agertu da, ez dagoelako jada inor ETAri bere amaiera eskatu ez dionik, «ez Euskadin, ezta kanpoan ere»
Patxi Lopez lehendakariak «bakoitzak dagozkion ardurak bere gain hartzeko» deia egin du, Donostian egin den Nazioarteko Konferentziaren ostean. Lopezek adierazpen hau «berri ona» dela esan du AEBetatik (enpresa bidaia batean dago), nahiz eta uste duen terrorismoaren amaiera ez dela «goiz bateko konferentzia baten ondorioa», baizik eta «milaka herritar euskaldunen ahaleginagatik, terrorismoaren xantaiaren aurrean amore ez emateko sekulako gaitasuna erakutsi baitute». Zentzu horretan, Lopezek bere aitorpena agertu die «askatasuna eta demokrazia defendatu duten guztiei», eta espreski terrorismoaren biktimei ETAren aurkako borrokan, euren «eredu morala» eskertu nahi izan die: «Euren memoria aldarrikatzeko konpromisoa berresten dut, hau berriro ez gertatzeko bermea baita», erantsi du. Lehendakaria ETAri zuzendu zaio bere «erabateko bakardadea» onartu eta bere «behin betiko amaiera» iragarri dezan eskatzeko.
Lehendakariaren iritziz, adierazpenaren punturik garrantzitsuena da, jada ez dagoela inor ETAren jarduera terroristaren amaiera eskatu ez duenik, «ez Euskadin, ezta kanpoan ere». Patxi Lopezek Eusko Legebiltzarrean aurkeztu zuen «bide orria» berretsi du, Euskadiko herritarren arteko bizikidetza berri bat hasteko eta aro terroristari amaiera emateko: «Proposamen horretako puntuak berresten ditut, azken batean askatasunerako eta bizikidetzarako konpromiso bat dira».
New York-en egindako adierazpen ofizial batean, lehendakariak gogorarazi du euskal gatazkak «ETA duela izena eta indarkaeriari eta mehatxuei lotua» dagoela, baina esan du azkenik «Euskadin garai berri bat hasiko» dugula. «Demokraziak eta askatasunak irabazi egin dute Euskadin», bukatu du.
Azkenik, lehendakariak ziurtatu du Nazioarteko Konferentziaren adierazpenaren 4. puntuak «antolatzaileen beharrei erantzuten diela gehiago, euskal gizartearenari baino».





Berri honen iruzkinen RSSa