
ETAren komunikatuaren inguruko Lehendakariak egindako deklarazioak
Bakea eta askatasuna lortu ditugu azkenik. Eta beren askatasunari uko egin ez dioten Euskadiko milaka herritarren erresistentziari, Zuzenbidezko Estatuaren irmotasunari, justizia eta poliziaren ekintzari eta indarkeria justifikatzen zuten jarrera totalitarioen aurrean izan dugun tolerantzia ezari esker erdietsi dugu
Euskal gizarteak sufritu egin du, oinazea metatu du, hortzak erakutsiz eutsi du, baina ez du sekula ere amorerik eman eta altxatu eta bere askatasun ametsa lortzeko borrokatu da. Eta gaur amets hori bete egin da.
ETAren komunikatua askatasuna eta demokrazia basakeriari eta totalitarismoari gailendu zaizkien froga argia da. Terrorismoaren amesgaiztoarekin bukatu dugu Euskadin eta herritarren askatasunak ez du sekula gehiago mehatxu hori jasango.
ETAk bere porrota berretsi du bere bukaerara iritsi delako, helburu bakar bat ere bete gabe. Demokraziak eta Zuzenbidezko Estatuak irabazi egin dute, eta eragin duten oinaze eta sufrimendu guztiak ez die ezertarako balio izan.
Indarkeriari babesa eman eta hura onartu dutenek ez gaituzte nahastuko: ez digute oparirik egin. Alderantziz, 30 urteko askatasuna eta bizikidetza lapurtu digute. Eta terrorismoarekin amaitu ahal izan badugu, ez da haiei esker izan, baizik eta haiek erdian egon diren arren izan da.
Ez genien ezer zor, ez diegu ezer zor eta ez diegu ezer ordainduko. Garesti ordaindu dugu dagoeneko.
Eta terrorismoaren biktima guztiak gogorarazi nahi ditut, eta beren memoria elkarrekin eraikiko dugun etorkizun baten erreferentzia iraunkorra izango dela aldarrikatu. Gustatuko litzaidake, banan-banan Euskadin demokraziari eutsi dioten pertsona guztiei eskerrak ematea. Ezintasunez negar egin dutenei. Etsipenaren aurrean amore eman ez eta askatasuna defendatzen jarraitu dutenei. Eskerrak eman nahi dizkiet ere polizia guztiei, eta batez ere, Euskadiko herritar guztien izenean, nire esker ona eman nahi diot gure Ertzaintzari. Haiek izan dira eta izango dira gure askatasunaren zaindariak.
Aro berri bat hasia da Euskadin. Gure herrian aro terrorista gainditzeko garai berri bat. Gure aukera da batasunerako eta adiskidetasunerako. Euskadiko herritar guztien bizikidetza demokratikoa eraikitzeko.
Ez dugu onartuko terrorismoaren amaiera banaketa eta liskarrak sortzeko aitzakia izatea. Orain, inoiz baino gehiago, gizarte plural bat eraiki behar dugu elkarrekin, nortasun ezberdinak aitortzen dituena eta hori guztia batuta etorkizun partekatu batera eramango gaituena. Geroa elkarrekin idatzi behar dugu, eta gertatu dena memoria eta egiaren bidez idatzi behar dugu, inoiz gehiago gerta ez dadin.
Horregatik, batasunerako eta itxaropenerako deia egiten dut. Urte asko egon gara une honen zain.
Oinaze eta sufrimendu handia jasan behar izan dugu, baina terrorismoari irabazi diogu eta orain elkarrekin eraikiko dugu bizikidetza. Gure erantzukizuna da eta ez diogu hutsik egingo.
Denbora luzea eman dugu egun hau noiz iritsiko zain eta gaur Askatasunaren eta Bizikidetzaren Euskadi marrazten hasi gara. Eta elkarrekin egin behar dugu. Ez dago inor soberan egiteko honetan, eta beraz, metatzeko ordua da, beti nahi izan dugun Herria egiteko garaia da.
Horregatik, biharko, ostiralerako, ez ohiko Gobernu Kontseilu baterako deia egin dut eta alderdi guztiekin jarriko naiz harremanetan, elkarrekin egoera berria aztertzeko.





Berri honen iruzkinen RSSa